2011-06-02

EUSKAL NAZIONALISMOAK: ATZOKO ETA ORAINGO ARDATZAK

Gu gera hiru probintzi

Lengo legeari eutsi

Ez oraindikan etsi

Naiz anka bana autsi

Jaioko dira berriak

Gu gera Euskal-erriak

Xenpelar

Hori zioen Xenpelarrek 1869 inguruan. Mende bat beranduago, 1971 aldera, Benito Lertxundik galdetzen zuen ea lau, bat, hiru bost ala zazpi garen. Bistan denez, Euskal Herriaren lurralde definizioa luzaroan eztabaidatutako elementua izan da. Lurraldeari erreferentzia egin dioten lelo bat, Zazpiak bat, euskal abertzaletasunaren nagusietako bat izan da. Ez bakarra, ordea.

Arrazak, hizkuntzak eta lurraldeak protagonismo nabarmena izan dute euskal nazionalismoa hezurmamitzerako orduan. Ontzat jotzen badugu euskal nazionalismoa, gizarte modernoetako mugimendu gisa, XIX. mende amaieran sortu zela, hiru elementuek paper garrantzitsua jokatu dute garaiaren arabera. Hala ere, nazioa gorpuzteko elementu horietako bakoitza ez da izan garai zehatz bateko elementu bakarra; euskal arraza goratzen duen nazionalismoak euskararen defentsa izan du bigarren mailan, adibidez. Sabino Aranak, euskal arraza onesten zuenak, euskara gazteleraren eraginetik “garbitzen” jardun zuen, eta euskarazko hiztegi zabala sortu zuen. Elementu bakoitzaren protagonismoa da urteak igarotzearen kariaz aldatzen joan dena, eta horrek agerian utzi du nazio eta nazionalismo ororen, baita euskal nazioaren eta nazionalismoaren, izaera dinamikoa.

Arraza. Hastapenetako euskal nazionalismoa, XIX. mende amaierakoa, euskal arrazan ardaztu zuen Sabino Aranak. Kontuan izan behar da garai hartan Bizkaiko ezkerraldeak bereziki bizi zuen testuinguru sozioekonomiko berria. Etorkinen etorrera masiboak eraldatu egin zuen Bizkaiko zonalde hartako gizartea, eta balio tradizionalak krisian nabaritu zituen Aranak. Larrazabalgo diskurtsoan, 1893ko ekainaren 3an, Aranak bizkaitar izpirituaren galeranabarmena aipatzen du, eta galera horren erantzule egiten ditu etorkin espainiarrak. Euskararen eta kristautasunaren galera haiei egozten die, eta euskaldunen berezko izaera positiboa azpimarratzen du. Hala zioen Bizkaitarra aldizkariaren 15. alean:

"El aseo del vizcaíno es proverbial [...]; el español apenas se lava una vez en su vida y se muda una vez al año [...]. Oíd hablar a un vizcaíno, y escucharéis la más eufórica, moral y culta de las lenguas; oídle a un español, y si sólo le oís rebuznar, podéis estar satisfechos, pues el asno no profiere voces indecentes ni blasfemias".

Halako diskurtsoekin, Aranak eta hark sortu berri zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak zailtasunak zituen etorkinak euskal nazionalismora erakartzeko. Urteek aurrera egin ahala, EAJk diskurtso xenofoboa pixkanaka alboratu behar izan zuen, boto merkatua zabaltze aldera. 1930eko hamarkadaren amaieran, jada, euskal nazionalismoak guztiz baztertu zuen diskurtso hori, nazismoak eta frankismoak arrazari eta hari lotutako nazionalismoari buruz eginiko erabileragatik. Nazioa mamitzeko elementu berrien bila abiatu behar izan zuen euskal abertzaletasunak.

Hizkuntza. Zer Euskal Herri litzake bere hizkuntza ere galtzen duena? Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena, zioten Oskorrikoek 1982an. Arrazaren elementu zurrun eta hauta ezinaren ondoren, nazioko kide izateko elementu boluntaristagoetara jo zuen euskal nazionalismoak. Jazarpen kultural eta politikoaren aurrean, abertzaletasunak euskararen eta, oro har, euskal kulturaren defentsari heldu zion frankismo garaian. Arrazan oinarritutakoaren eta, oro har, nazionalismo gehienen (guztien, agian) antzera, euskara ardatz duen nazionalismoak gora egin zuen elementu identitario hori erasoa izan zen testuinguru batean. Erreakzio gisa nagusitu zen hizkuntza nazionalismoa. Gainera, XX. mende hasierakoak baino aukera gehiago eskaintzen zituen hizkuntzak; izan ere, Kymlickak dioen bezala, nazioko kide ez direnek hizkuntza bat ikasteko eta beste kultura batzuetan barneratzeko aukera eta ahalmena dute, eta beraz, euskara ez dakitenak ere euskal nazioaren kide izatera irits daitezke. Esan bezala, hizkuntza nazionalismoak borondateari ateak ireki zizkion.

Maila diskurtsiboan lehen lerroan iraun ez badu ere, maila sinbolikoan protagonismo osoko elementua da euskara gaur egun. Gainera, esparru kultural horretan nazio kontzepzio osoan eman den zabalkuntza ere gertatu da, ez baita soilik nazioko kide euskaraz dakiena; baita euskara ez jakinagatik ere, hura berezkotzat sentitzen duena ere. Horren adibide gisa, aurtengo Korrikaren 17. edizioan Euskalakari hitzaz eginiko definizioa: 1. iz. / izond. Euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen duena. 2. iz. / izond. Euskara erabiltzeko helburuz, euskara maitatuz, euskara ikasi, eta hobetzeko ahaleginak egiten dituena. Horretarako urratsak ematen dituena.

Lurraldea. Nazionalismoari buruzko teoriko ugarik lurraldea ezinbesteko elementutzat jotzen dute nazioa definitzerakoan. Millerren arabera, nazioa besteak beste lurralde batekiko lotura duen komunitatea da. Smithen ustez, nazioa lurralde propioa okupatzen duen giza komunitatea da, eta zehaztu egiten du gainera: lurraldearekiko lotura soila dutenak etnia dira, ez nazio.

Euskal Herriko kasua ez da ezberdina izan. Lurraldeak, ziur aski, ez du lehen mailako protagonismoa izan nazionalismoaren eraikuntzan, baina beti presente egon den elementua izan da. Batetik, herrialdeen banaketa administratiboak eta Euskal Herri baten ukazioak zazpi herrialdek osatutako Euskal Herri hori nazio bat dela defendatu behar izan duelako euskal nazionalismoak. Gainera, nazionalismoa proiektu politikoa den heinean, nazioko kideen leialtasunaz gain, horien eginbehar eta eskubideak kudeatzea du helburu. Nazioaren lurraldea zehaztea, mugak zeintzuk diren argitzea, ezinbestekoa da beraz, egitasmo politiko horrek lurralde zehatz batean bizi diren herritarrengan izango duelako eragina.

Legitimazioaren ikuspegitik, ordea, lurraldeak zailtasunak ditu nazioaren ardatz bilakatzeko. Elementu hori aldakorra izan da oso historian zehar, Euskal Herrian nahiz munduko herrialde gehientsuenetan. Beraz, nazio bati dagokion lurraldea zehaztea oso zaila da, iraganean erreferente gehiago egongo direlako lurralde hori beste nazio baten lurraldea izan zela argudiatzeko. Bestalde, elementu horrek bere barnean bizi diren kide guztiak egiten ditu nazioko kide. Badirudi, beraz, biztanle gehien barnebiltzeko ahalmena duen tresna dela lurraldea; hala ere, mugimendu nazionalistaren helburuetako bat nazioko kideak ekoiztu eta horien eta nazioaren artean leialtasun sare bat jostea baldin bada, ez dirudi lurralde irizpidearekin hori lortzen denik. Arrazarekin, euskaldun ez zenak ezin zuen izan, nahi izanda ere; lurraldearekin, espainiar eta frantziar gara izan nahi ez dugunok ere.

Aipatutako hiru elementuez gain, klasikoak izan daitezkeenak, euskal nazioko kide nor den zehazteko tresna gehiago ere erabili izan dira. 1960 hamarkada inguruan, Euskal Langile Herriak edo Pueblo Trabajador Vasco delakoak Euskal Herrian lan egiten zuen orori zabaldu zion euskal nazioko kide izateko atea, eta gainera, eduki ezkertiarrez mamitu zuen izaera hori.

Bistan denez, euskal nazionalismoa “demokratizatuz” edo herritar gehiagori zabalduz joan den mugimendua izan da. Argudio biologiko hauta ezinetatik, elementu gero eta boluntaristagoetara egin du salto, gaur egunera arte. Horren erakusle da mundu mailan, baita Euskal Herrian ere, estaturik gabeko nazioek autodeterminazioaren teorien esparruan aukeren teoriaz eginiko hautua. Nazioaren elementu klasikoak (arraza baztertuta) maila sinbolikora iragan dira euskal nazionalismoaren diskurtsoan, eta nazioko kidetasun gero eta boluntarioago bateranzko bidea egin du, helburua berdina bada ere: gehiengoak sortu, Estatu eraikuntzan urratsak egin, eta finean, subiranotasun maila altuagoetatik, nazioaren ardatz diren elementuen alde egitea. Bide horretan, bi adibide historiko ditugu: Israel, edo Irlanda. Lehenak, estatua lortu eta herritar guztiak hildako hizkuntza batean alfabetatzea lortu zuen. Bigarrenak, Estatua sortu zuenerako, babestu beharreko hizkuntza erabat galdua zuen.

Nazionalismoak bereizketa egiten du nazioko kideen eta kide ez direnen artean. Gure eta besteen artean. Beraz, gu besteetatik bereizten gaituzten elementuak nabermentzen ditu. Euskaldun fededun ekuazioarekin, Sabino Aranak harresia eraiki nahi izan zuen Espainian gora zihoan fede galerarekiko. Ziur aski, arrazoi horregatik izan da hain garrantzitsua euskara euskal nazionalismoan; hizkuntzak bereizten baikaitu guztiz gainontzeko herrietatik.

2011-05-18

ILEGALIZAZIOAREN AJEAK: 9 URTEKO LEGEZ KANPORATZEAREN ONDORIOAK

Ezker abertzalea 2002an utzi zuten legez kanpo, Espainiako Alderdi Politikoen Legea indarrean sartzearekin batera. Ia hamar urte igaro dira, eta hamarkada batean zeharo eraldatu da Euskal Herriko panorama politikoa. Izan ere, ezker abertzalearen alderdi politikoa jokoz kanpo uzteak eragin zuzena izan du gatazka armatuaren trataeran, gainontzeko alderdi politikoen estrategietan, eta baita kudeaketa publikoaren arloan ere, erakundeetako indar korrelazioak itxuraldatu dituen neurrian.

Ilegalizazioa ez da soilik Espainiako defizit demokratikoaren adierazle bat izan; gehiago ere izan da. Nolabait, cleavage edo haustura lerro batean bihurtu da, Alderdien Legearen aldekoak eta kontrakoak banatuz. Bestalde, ilegalizazioak gainontzeko alderdien mugimenduetan eragina izan du.

2002an Batasuna legez kanpo utzi zutenetik, hauek izan dira, gutxi gora behera, ezker abertzaleak udal eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako emaitzak:


Ezker abertzalearen boto kopuruaren gora beherak ulertzeko, taulatik gako batzuk nabarmentzea komeni da:

* 2003. Herri batzuetan aurkezteko aukera izan zuen. Ilegalizazioaren ondorengo lehenengo hauteskundeak izaki, erantzun oldarkorra egon zen.

* 2005. Beste zerrenda batzuk legez kanporatu bazituzten ere, azkenean EHAKk aurkezteko aukera izan zuen Eusko Legebiltzarrerako bozetara.

* 2007. Su eten garaia. Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenden erdia onartu zituzten Espainiako auzitegiek.

* 2009. ETAk 2007ko hauteskundeak igaro eta astebetera hautsi zuen menia. Ezker abertzale historikoa hauteskunde horietatik erabat kanpo geratu zen.

Badirudi legez kanporatzeak izan baduela eragina ezker abertzaleak jasotako boto kopuruan, baina ez dela aldagai garrantzitsuena. Izan ere, zailtasun gehiago izan zituen EAEk 2007an EHAKk 2005ean baino, eta hala ere, hobeak izan ziren EAEren emaitzak. Alta, badaude datu adierazle batzuk, legalizazioaren ondorioek duten neurria erakusten digutenak: 2009an, sei urtez hauteskundeetan aurkezteko zailtasunak izan eta gero, ezker abertzalea erabat geratu zen legez kanpo; bi urte lehenagoko emaitzak erdira jaitsi ziren. Agian, ilegalizazioaren aroak ez du nahikoa iraun, fidagarritasun nahikoarekin behatzeko zenbaterainoko eragina izan duen ezker abertzalearen boto galeran eta boto baliagarriaren erabileran. Hots, ezker abertzalearen barnean ETAren borroka armatuak duen legitimazioaren galeran.

Legez kanporatzearen aurreko datuak ematen dituen heinean, argiagoa dirudi ETAren jardunak ilegalizazioak berak baino eragin zuzenagoa izan duela ezker abertzalearen babesaren gorabeheretan. Azken 15 urteotan, ETAk su etena eman duen epeetan izan ditu ezker abertzaleak emaitza hobeak. 1998an, Lizarrako akordioaren garaian eta ETA su etenean zegoela, inoiz baino emaitza hobeak lortu zituen ezker abertzaleak. 2001eko bozetan, ordea, Eusko Legebiltzarrean 14 eserleku izatetik soilik 7 izatera igaro zen. 2007an, su etenean zegoen ETA maiatzeko hauteskundeetan, eta ia 200.000 botora iritsi zen. Ekainean hautsi zuen menia ETAk, eta 2009ko hauteskundeetan beherakada oso nabarmena jasan zuen ezker abertzaleak; beste behin, erdira. Halabeharrez, egoera horrek ezker abertzalea eztabaida sakon batera eraman zuen: legalizazioa behar beharrezkoa da kapital soziala ez bada galdu nahi, baina horrek derrigorrez borroka armatuaren amaiera eskatzen du.

Aukera paregabea zabaldu zitzaien ezker abertzalearen masa sozialaren ozeanoan arrantza egin nahi izan zuten Aralarri eta EAri. Unai Ziarretaren zuzendaritzapean, EAJren gerizpetik ihes egiteko apustu politikoa egin zuen EAk 2009ko hauteskundeetarako. Apustu horrek ezkerrera bira egitea eskatzen zuen alabeharrez. Eusko Legebiltzarrerako bozetan, apustua ezin okerrago atera zitzaion EAri, baina urrats hori egin ez balu, ziur aski gaur egun ez luke izango ezker abertzalearen birsozializazio politikoan izan duen garrantzia. Beraz, ezker abertzalerantz EAk duela hiru urte inguru abiatutako gerturatzea gakoa izan daiteke ezker abertzaleak bide demokratikoen alde eginiko apustua sendotzeko, komunitate politikoan barneratzen laguntzeko, eta legalitatera itzultzen laguntzeko.

Aralarren abiapuntua bestelakoa zen 2009an. Ezker abertzalearen esparru ideologikotik irten gabe, ezker abertzalearen alternatiba izatea zen (eta da) Aralarren xedea. Jatorri hori da ezker abertzaleko boto emaile natural batentzat Aralar EA baino alternatiba naturalagoa izatea; ezker abertzalearen alternatiba “beste” ezker abertzale bat da, eta ez EAJtik sortutako alderdi sozialdemokrata. Aralarrek lau eserleku lortu zituen 2009an; EAk, aldiz, bat. Aralarrek ia hamarkada oso bat igaro zuen, ezker abertzale tradizionaletik banatu zenetik, emaitza diskretuak jasoaz. 2009an, ordea, 62.000 botora iritsi zen, 2005ean (EHAK legezkoa zenean) izandako emaitzen bikoitza baino gehiago (28.000) lortuz.

Aralarren igoera horrek garrantzia nabarmena du ezker abertzale tradizionalak hauteskunde horien ostean egin zuen barne eztabaidan. 2009ko emaitzek azaleratu zuten Aralar alternatiba gisa sendotu zitekeela ezker abertzale historikoaren aurrean, eta bat-bateko igoera horrek planteatu arazi zion ezker abertzale historikoari ETAren jarduerak bere babes sozialean zuen eragin kaltegarria.

Bestalde, boto kopuru garrantzitsu bat jasotzen duen korronte politiko bat lehia politikotik kanpo uzteak eragin zuzena du parlamentuen indar korrelazioan, horietatik eratortzen diren gobernuen eraketan, eta beraz, kudeaketa publikoan. Eusko Legebiltzarrerako azken bozei erreparatzea besterik ez dugu:

2009ko hauteskundeetan ezker abertzalea legezkoa izan balitz, eta D’Hont formula aplikatuz gero, sei edo zazpi eserleku erdietsiko zituzkeen. PPk eta PSE-EEk eskuratutako eserlekuak ez lirateke Eusko Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko beharrezkoak diren 38 eserlekuetara ailegatuko (34 eserleku guztira), eta, ziur aski (hau jada politika fikzioa baita), gaur egun PSE-EE ez legoke gobernuan (ez, behintzat, Lehendakaritzan).

Lopezek zuzendutako gobernuak abiatutako politiken zerrenda bat egin liteke, ezker abertzalearen balizko sei eserlekuen garrantziaz jabetzeko. Baina aurrera begiratuz gero, are adierazgarriagoa izan daiteke Bilduren parte hartzearen eragina. Aurreikuspenek diote Gipuzkoan emaitza oso onak izan ditzakeela Bilduk, lehenengo indarra ere izateraino irits daitekeela. Makroproiektu ugari daude jokoan herrialde horretan (Pasaiako kanpoko kaia, Zubietako errauste planta, Hondarribiko aireportuaren luzapena), eta jakina da ezker abertzaleak proiektu horien aurrean duen aurkako jarrera. PSE-EEk eta EAJk zerrenda bozkatuena errespetatu eta, Bilduk irabaziz gero, koalizioaren esku utziko balu Aldundia, proiektu “estrategiko” horiek kolokan leudeke. Bestalde, Bilduk irabazi eta PSE-EEk eta EAJk gobernu akordioa egiten badute, egoera zaila izango luke kudeatzeko EAJk bereziki, legitimazio hutsune galanta nabarituko bailuke. Baina Bilduk lehen indarra ez bada ere, orain artekoa baina oposizio gogorragoa izango dute –kuantitatiboki, behinik behin- proiektu horien aldekoek.

Aurreikuspenak betetzen badira, Bilduk oso emaitza onak izango ditu maiatzaren 22an. Horrek argi erakusten du, ilegalizazioak ilegalizazio, ezker abertzalearen kapital politikoak hor jarraitzen duela, eta legalizazioarekin eta ETAren indarkeriaren amaierarekin, kapital hori ahal bezain beste aktibatzea besterik ez zaiola falta.

2010-02-13

NAZIONALISMO ETNIKO ETA HEGEMONIKOAK JUGOSLAVIAN (V)

IDENTITATEEN ERAIKUNTZARAKO ALDAGAIAK

Identitate nazional komun baten eraikuntzan aldagai kulturalei hainbesteko garrantzirik eman ez zitzaien bitartean, ikus dezakegu identitate nazional lokalak elementu hauen gainean eraiki zirela. Hiru aldagai azpimarratuko nituzke, eraikuntza horretan:

1. Hizkuntza. Hiru hizkuntza aurkitzen ditugu Jugoslavia osatzen duten nazioen artean: serbo – kroata, Serbian, Kroazian, Montenegron eta Bosnia – Herzegovinan erabilia; esloveniera, Eslovenian mintzatua; eta mazedoniera, hegoaldeko errepublika mazedoniarrekoa. Elementu honen izaera eraikitzailea argi utzi dute errepublika ezberdinek, bereziki federazioaren hausturaren ostean: hizkuntza berdina zenaren arteko haustura bat ematen da: lehen serbo – kroaziartzat ezagutzen zenaren lekuan, gaur egun serbiera, kroaziera eta bosniera aurkitu ditzakegu, baina fenomeno hau ez da errepublika independenteen eskutik etorri soilik: Jugoslavia barneko lehen adierazpen abertzaleak kulturaren mundutik etorri zirela eta, 1967an aski ezaguna zen “Hizkuntza literario kroaziarraren izen eta posizioaren deklarazioa”. Hala ere, esan beharra dago muga linguistikoek ez zutela halabeharrez muga nazionalekin harremana izan beharrik.

2. Erlijioa. Nahiz eta Jugoslaviako nazio ezberdinen arteko gatazka erlijiosoa ez izan, ezaugarri honek paper esanguratsua jokatzen du nazio bakoitzaren identitatean. Kristautasun ortodoxoa Serbian, Montenegron eta Mazedonian aurkitu dezakegu, eliza ortodoxoak serbiar nazionalismoan jokatu duen papera garrantzitsua izan delarik. Bestetik, kristau katolikoak Eslovenia eta Kroazia ditugu. Bigarrenaren kasuan, konfesionaltasunak pisu historiko handia du herritarren izaera kroaziarrean, nazio hau izan baitzen inperio otomandarraren aurkako gotorleku nagusia. Serbiar ugarik, inperio otomandarretik ihesi, alde egin zuten euren herritik Kroazia aldera, gaur egungo gutxiengoen konfigurazioa osatuz. Azkenik, erlijio musulmanak historikoki jokatu duen papera ere azpimarragarria da; inperio otomandarrak Bosnia fede islamiarrera bultzatu zuen, gaur egun gehiengoa osatuz. Bertan bizi diren katoliko eta ortodoxoek ordea, bosniartzat baino, kroaziartzat eta serbiartzat jotzen dute, hurrenez hurren, euren burua. Banaketa zabal honek kontzientzia nazional gutxien duen errepublika izatera eraman du Bosnia, baina era berean, bertako nazioek etnia eta hizkuntza konpartitzen zuten. Gainera, erlijioa ere faktore klabea da Kosovoko gatazkan, Kosovotik otomandarrek kaleratu baitzituzten serbiarrak, lurralde hura islamismora bihurtutako albaniarrez beteaz. Gaur egun, albaniar jatorriko biztanleak %80 dira Kosovon.

3. Historia komuna. Elementu honek garrantzia handia izan du nazio bakoitzaren lurralde eta askatasun aldarrikapenei dagokionean. Mazedoniaren salbuespenarekin, nazio guztiek izan dute esperientzia historiko independente bat, bereziki Serbia eta Kroaziak. Historia komunaren elementua, lurralde bati lotuz gero, nahitaezko aldagaia bihurtzen zaigu Kosovoko gatazka ulertu nahi badugu, probintzia hau baita serbiar nazioaren sorleku historikoa.

2010-02-01

NAZIONALISMO ETNIKO ETA HEGEMONIKOAK JUGOSLAVIAN (IV)


JUGOSLAVIAREN KASURA GERTURAKETA


1. TESTUINGURATZEA

Jugoslaviaren berezitasun politikoa aztertzeko, bere historiari errepaso txiki bat egitea komeni da. Gogora dezagun, beste herrialde batzuekin konparatuz gero, historia motzeko federazioa izan zela. Jugoslavia osatu zuten nazioak hegoaldeko eslaviarren talde etnikoen parte dira, eta historian luze hitz egin izan da nazio horien batasunaren inguruan. Lehen mundu gerran Europako inperio zentralak erori ostean, batasun politikoa eman zen lehenengo aldiz hegoaldeko eslaviarren artean, Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erreinua sortuz. Bigarren mundu gerrak erreinua lau urtez desagerrarazi zuen Alemania nazionalsozialistaren eskutik, baina Titok antolatutako partisano komunistek indar okupatzaileak kanporatzea lortu zuten, Armada Gorriaren parte hartzerik gabe. Datu honek garrantzia handia izango du etorkizuneko Jugoslaviaren kanpo politikan, Moskurekiko menpetasunik ez izateak sozialismo eredu propioa garatzea ahalbidetu baitzion federazioari. Estatu eraikuntzan, indar askatzaileek sei errepublika eta bi probintzia autonomotan antolatu zuten federazioa: Eslovenia, Kroazia, Mazedonia, Serbia, Bosnia eta Montenegroko errepublikak batetik; Vojvodina eta Kosovoko probintziak bestetik.


Iturria: Bugarski, Ranko (1997): “Lengua, nacionalismo, y la desintegración de Yugoslavia”. Revista de Antropología Social, 6. zkia, UCM.


Aniztasun honek aberastasun kultural handia ematen zion Estatu sortu berriari. Sei errepublikez gain, hiru erlijio (kristau katolikoak, ortodoxoak eta musulmanak) eta, gutxiengo diren taldeak gehituz, hamabi bat hizkuntza aurki genitzake. Jugoslavia, ikuspuntu nazionaletik aztertuz, nazio politikotzat jotzen da (osatzen duten errepublikak euren borondatez federatzen baitira), barneko nazioak elementu kulturaletatik abiatzen diren bitartean. Dena den, errepublika desberdinetako mugak ez ziren nazio etniko horien bidez definitu.

Federazioak ordezkaritza maila altua bermatzen zien errepublikei, teorian subiranotasuna eskuratzeko eskubidea bermatuz. Horren erakusle dira 1. eta 11. artikuluak
[i].


1946ko konstituzioak aurreikusten zuenez, federazioak beretzat hartzen zituen eskuduntza guztiak errepublikenak zirela, eta hori ez zen gutxi federazioak soilik sei ministerio zituela kontuan hartzen badugu (Kubli, 1998). Bestalde, serbiarrak, talde nazional handiena izateaz gain, errepublika gehienetan zehar zeuden sakabanatuak (Eslovenian izan ezik). Datu horrek eta bi mundu gerretan askapen borrokan Serbiak jokatutako paperak status berezi bat ematen zion, serbiarren ustez, euren nazioari Jugoslaviaren barnean. Jugoslavia ulertzeko bi jarrera aurkitzen ditugu beraz: bata, hegoaldeko eslaviar guztien etxetzat dutenena; bestea, Serbiarren proiektu politiko gisa ikusten dutenena. Nazionalista serbiarrek Jugoslavia serbiar guztien etxe gisa ikusiko dute, beste errepubliketako nazioek, bereziki Kroaziak, federazioa Serbiaren menpe jartzen duen tresna gisa ulertzen duelarik. Honek berebiziko garrantzia izango du federazioaren hausturan, bi nazionalismo horien talkak sortu baitzuen, hein handi batean, hain emaitza odoltsua. Talka hori ordea, ez zen gertatu 40 urtetan zehar, besteak beste Liga Komunista Jugoslaviarretik kanpo mugimendu politiko gutxi onartzen zelako eta Tito mariskalak, sarritan, gogor jazartzen zituelako horrelako saiakerak.




[i] “ART. 1. The Federative People's Republic of Yugoslavia is a federal people's state, republican in form, a community of peoples equal in rights who, on the basis of the right to self-determination, including the right of separation, have expressed their will to live together in a federative state”.
“ART. 11. Each people's republic has its own constitution”.
1946ko Jugoslaviako Konstituzioa.

2009-12-28

NAZIONALISMO ETNIKO ETA HEGEMONIKOAK JUGOSLAVIAN (III)

NAZIONALISMO MOTAK

Nazionalismoaren adierazpen ezberdinen artean, historikoki bi abertzaletasun mota azpimarratu dira. Nazionalismo politikoa edo liberala, Frantziako Iraultza liberalean oinarritua, eta nazionalismo etniko edo erromantikoa, geografikoki germaniarra.

Avishai Margalit-en arabera, nazionalismo politikoaren ideia nagusia nazio baten adierazpen gorena bere borondate politiko subiranoa dela da. Gizabanakoek nazioan parte hartzen dute Nazio – Estatuaren hiritar izanez. Kontzeptu honen arabera, Estatuaren ordenak obeditzea nazio baten partaide izatearen adierazpen gorena da. Bestetik, nazionalismo kulturalak nazioa entitate organiko gisa ikusten du, bere adierazpen gorena kultura nazionala delarik (bereziki hizkuntza nazionala). Abertzaletasun mota honentzat, politika ez da nazioaren oinarrizko adierazpena, adierazpen kulturala ziurtatzeko tresna baizik. Politika, honen arabera, tresna da, ez helburua. Kultura, borondate politikoaren adierazpena baino gehiago, nazio identitatearen oinarria da
[1].

Nazio politikoa Frantziako Iraultzaren ondorio zuzena izan zen. Ernest Renan edo Sieyés izan ziren nazioa ulertzeko modu honen adierazle nagusiak, Renanek “eguneroko plebiszitu” gisa definitu zuelarik, “elkarbizitzaren borondatearen” erakusle. Nazioaren ikuspegi erromantikoa nazio liberalaren erantzun gisa sortu zen, alde batetik, Frantziako Iraultza armen bidez Europa osora zabaldu nahi izan zelako eta, bestetik, iraultza liberalaren oinarri ideologiko ilustratuaren aurrean tradizioa eta historiaren balioa defenditzen zituelako.

Johann Gottfried Herder eta Johann Gottlieb Fichte izan ziren nazio erromantikoaren bultzatzaile nagusiak. Fichtek, bere lan nagusiaren bitartez (Discursos a la nación alemana, 1807), hizkuntzaren balioan sakondu zuen, eta abertzaletasun erromantikoaren definizioan aurrerapauso garrantzitsu bat suposatu zuen
[2]. Herder-ek bestetik, pertenentzia ideia sortu zuen. Jan eta edan, segurtasuna eta mugimendu askatasuna izan behar duten bezalaxe, gizabanakoek talde baten partaide izan behar dute. Talde bakoitzak bere Volksgeist propioa du, herri izpiritu propioa alegia[3]. Herder-ekin jarraituz, Isaiah Berlinek argitzen du Herder-ek zuen nazio ideia ez zela batere erasokorra. Nahi zuen bakarra autodeterminazio kulturala zen; kultura nazional anitzetan sinesten zuen, euren artean modu baketsuan bizi zitezkeenak[4].

Azken aipamen honek nazionalismoaren beste dikotomia batera garamatza: abertzaletasunaren ekintza mota bortitza edo baketsua. Ikusi dugun bezala, nazionalismo erromantikoa, askorentzat izatez arriskutsua dena, baketsua eta bizikidetzaren aldekoa da sortzez. Faxismoa nazionalismo etnikotzat jotzen da, abertzaletasun aldaera hau sarritan bortizkeriari lotuz.
Iturria: SM argitaletxea


[1] Margalit, Avishai (1997): “La psicología moral del nacionalismo”, en McKim, Robert / McMahan, Jeff: The morality of Nationalism, Oxford University Press.
[2] De Blas Guerrero, Andrés (1994): “Nacionalismos y naciones en Europa”. Alianza Universidad, Madril.
[3] Berlin, Isaiah (1997): “Nacionalisme”. Tandem Arguments, Bartzelona, 63 or.
[4] Berlin, Isaiah (1997): “Nacionalisme”. Tandem Arguments, Bartzelona, 64 or.

2009-12-14

ESKUBIDEEKIN JOKOAN

"Les molesta que este Gobierno consiga transferencias que ellos han sido incapaces de conseguir en 25 años y por eso ponen obstáculos para impedirlo".

Benetan kezkagarria. Esaldi hau bota duena ez da politikari buruz kezkatzen ez den edozein hiritar (ala bai?), ez eta euskal politikaren funtzionamenduari buruz ideiarik ez duena. Esaldi hau bota zuen artista gure Lehendakaria dugu, eta horrek kezkatzen nau gehien, ez dakidalako bi aukeretatik zein den okerragoa: ezjakintasunak ala borondate txarrak eraman al du hori esatera?


Jaurlaritza abertzaleen esku egon den 30 urteetan, beste batzuek orain hainbeste ospatzen duten Autonomia Estatutuak zenbait eskuduntza bermatzen dizkio Euskal Autonomi Erkidegoari, eta eskubide horietako batzuk Erkidegora ekartzea ezinezkoa izan da azken 30 urteotan (pentsatzekoa da ez dela autogobernu maila altuago baten borondate faltagatik izango). Ez dut pentsatu ere egin nahi Lehendakari jaunak eskuduntzen kontua nola dagoen ez dakienik, beraz suposa dezagun esaten zebilena ondo pentsatua zuela.


Pentsatzekoa da Lehendakaria jabetuko zela eskuduntza berrien lorpenak harreman zuzena duela gobernu zentral eta autonomikoa alderdi berekoak izatearekin, bereziki berak esan bezala 30 urtetan lortu ez badira. Pozik dirudi bere lorpenarekin, baina pozik al dago bere alderdiak eta Alderdi Popularrak eskuduntza horien transferentzia 30 urtetan zehar blokeatzearekin? Eskuduntzak joko politikoaren kartak bailira bezala erabiltzearekin? Zer dira Estatutuaren eskuduntzak Lehendakariarentzat, jokoa ala eskubidea?

2009-12-10

NAZIONALISMO ETNIKO ETA HEGEMONIKOAK JUGOSLAVIAN (II)

Gaiaren inguruan dagoen eztabaida sakonak erakusten duenez, zaila dirudi nazionalismoaren definizio bateratu bat egitea. Argi dirudiena da, ordea, nazionalismoa definitu ahal izateko, argi izan behar dugula lehenago zer den nazioa.

Ernest Gellner-ek bi elementuren bitartez definitzen du Nazioa:
1. Bi pertsona nazio berekoak dira soilik kultura berdina konpartitzen badute, kulturatzat ideia, zeinu, elkartze, komunikazio eta jarrera sistema komun bat ulertuz.
2. Bi pertsona nazio berekoak dira nazio berekotzat badute euren burua.

Gellner-ek, beraz, borondatea eta kultura erabiltzen ditu nazioaren elementu definitzaile gisa, bi nazio mota historikoak alegia: nazio politikoa, gizabanakoen borondatean oinarritua, eta nazio erromantikoa, izate metafisikoa, kultura komun batean oinarritua. Dena den, Gellner-en arabera, bi elementu definitzaile horiek ez dira nahikoa nazioa definitu ahal izateko. Azkenik, autoreak nazionalismoak nazioa sortzen duela ondorioztatzen du, inola ez alderantziz[1]. Nazionalismoaren inguruan, batasun politikoa eta batasun nazionalak bat etorri behar dutela defendatzen duen printzipio politikotzat definitzen du. Oinarrizko ideia zera da, herri batek, aurretik kultura, erlijio eta hizkuntza unitate gisa definitu denak, bere buruari forma politiko propioa emateko eskubidea duela[2].

Ulises Moulinesek ere nazioa eta nazionalismoari buruz hausnarketa bat egiten du. Alde batetik, nazioa bere buruaz kontzientzia politikoa hartu duen etnia izango litzateke, nazionalismoa politikoki kontzientea den etniaren programa politikoa delarik. Bestetik, bere aburuz “nazionalismoaren sustrai psikologikoa emozio gogor eta iraunkor bat da, hainbat gizakik bizi dutena, aspalditik “aberriarekiko maitasuna” bezala ezagutzen dena”. Emozio hau naturala eta ekidin ezina da. Jasotzen dituen beste definizio batzuekin partzialki ados dagoen arren
[3], ez ditu definizio osotzat hartzen[4].

Beste alde batetik, Eric Hobsbawm-ek, Gellner-i jarraituz, borondatea aipatzen du beste behin nazioa definitzeko: “cualquier conjunto de personas suficientemente grandes cuyos integrantes se consideren a sí mismos como miembros de una “nación””
[5]. Nazioa garai zehatz bateko fenomenoa da, historikoki nahiko berria gainera. Nazionalismoa nazioaren aurretik doa. Nazioek ez dituzte nazionalismoak eta Estatuak sortzen, alderantziz gertatzen da.

Ikus daitekeen bezala, nazioa eta nazionalismoaren definizioaz gain, beste eztabaida bat sortzen da hauen inguruan: nazionalismoek nazioak sortzen al dituzte (Gellner / Hobsbawm, ala nazioaren emaitza da nazionalismoa? (alegia, nazioaren programa politikoa – Moulines). Ziur aski, bi aldaerak dira baliagarriak. Gellner eta Hobsbawm-ek diotenaren harira, nazionalismoek nazioa sortzen dutela uler daiteke nazioa talde baten kontzientzia politikoaren eskuraketa gisa ikusten badugu. Nazionalismoak kontzientzia kolektibo nazionala pizten du.

Beste alde batetik, alderantzizko bidea ematen ez dela esatea gehiegizkoa litzateke. Zenbait kasutan, adierazpen nazionalistak nazio baten existentziaren erakusle dira eta, Gellner eta Hobsbawm-ek esaten dutenaren kontra, nazioek Estatua sor dezakete. Errepublika jugoslaviarren kasuan, argi ikus daiteke nazioek Estatu subiranoak konkistatu zituztela.

Gellner-ek dioen bezala, Estaturik ez dagoenean, ez da nazionalismo arazorik agertzen[6], baino Estatuek sarritan sortzen dituzten nazio eta nazionalismoak ez dira soilik Estatuaren mugekin bat egiten dutenak, Estatu barneko nazionalismo lokalak baizik. Jugoslaviako federazioak lan handia egin zuen Jugoslaviaren nazio eraikuntzan, baino federazioaren desintegrazioa errepublika ezberdinen nazionalismoaren eskutik etorri zen.


[1] Gellner, Ernest (1983): “Nations and Nationalism”. Ithaca, Cornell Univ. Press.
[2] Taylor, Charles (1997): “Nacionalismo y modernidad”, en McKim, Robert / McMahan, Jeff: “The morality of Nationalism”, Oxford University Press.
[3] “Nazioaren ezaugarria ez da Estatua izatea, Estatu bat nahi izatea baizik”, Mill, J. S. (1958): Considerations on Representative Government, New York, Liberal Arts. Moulinesen arabera, definizio hau ez da zehatza, nazio batek bere biziraupena ziurtatzeko, nahikoa izan dezakeelako autonomia batekin, Estaturik nahi izan gabe.
[4] Moulines, Ulises (2002): “Manifiesto Nacionalista (o hasta separatista, si me apuran)”. Edicions La Campana.
[5] Hobsbawm, Eric (1990): “Nations and nationalism since 1780”. Cambridge, Cambridge University Press, 17. or.[6] Gellner, Ernest (1983): “Nations and Nationalism”. Ithaca, Cornell Univ. Press, 73. or.