Jugoslaviak Europan berriz pentsaezina zen guda gogorra bizi izan zuen 90. hamarkadan zehar. Hegoaldeko eslaviarren federazioak bizikidetza “baketsua” lortu zuen etnia, erlijio, hizkuntza, errepublika eta probintzien artean, baina urte gutxiren buruan nazioarteko mapatik desagertu egin zen sarritan laborategi politikotzat hartu izan den hau, ez soilik gorroto, beldur eta nazionalismo lokalentzat (bereziki serbiar eta kroaziarrentzat) oso erabilgarri izan ziren zenbait faktoreri esker, baita nazioarteko eragileek jokatutako paper kaxkarragatik ere.
Agian Jugoslavian eta beste esperientzia historiko bortitz batzuetan oinarrituz, nazionalismoari orokorrean eta bere bertsio etnikoari zehazki erasotzaile edo baztertzaile bezalako adjektiboak atxiki zaizkio zenbait sektoreetatik, iritzi publikoaren aurrean nazionalismoa arriskutsutzat agerraraziz. Sarritan horrelako erasoak jarrera negazionista edo kontranazionalistetatik datozen arren, beste askotan estrategia nazionalista hegemoniko baten parte ere izan daitezke, Espainiaren kasuan erraz asko ikus daitekeen bezalaxe: nazionalismo periferikoak esklusibotzat jotzen dira, nazionalismo espainiarrari nazionalismo ere deitzen ez zaion bitartean.
Ikerketa honen bitartez, nazionalismoaren inguruko hausnarketa bat egiteaz gain, bere ustezko izaera arriskutsu horren argudioa desegiten saiatuko naiz, Ulises Moulinesek bere Manifestu Nazionalistan ondorioztatutakoan oinarrituz eta berarekin bat etorriz: ezin dira berdintzat hartu abertzaletasuna eta hegemonismoa edo inperialismoa. Jarrera hegemonikoak dira benetan arriskutsuak eta, nahiz eta jarrera horiek ia beti ikuspuntu abertzaletik abiatu, horrek ez du abertzaletasuna bera erasotzaile bihurtzen. Horren adibide argiena dugu Jugoslaviako nazio ezberdinen arteko bizikidetza “baketsua” lau hamarkadetan zehar, ikuspuntu hegemonikoak boterera iristean guda odoltsuekin amaitu zena.
Jugoslaviako kasuaren azterketa oso baliagarria suerta dakiguke nazionalismo ezberdinen arteko diferentziak ikusi ahal izateko, sistema politiko berrien sorleku izateaz gain, nazionalismo politiko, etniko, hegemoniko, zentrifugo eta abarren eszenatoki ere izan zelako, politikoki azterketarako oso kasu interesgarrian bilakatuz, gaiaren inguruan idatzi diren lan anitzek erakusten duten bezalaxe.


