2008-11-27

KOMUNIKABIDEAK ESPAINIAR SISTEMA POLITIKOAN (I)

SARRERA


Komunikabideak, parlamentuarekin batera, XIX. mendean demokrazia liberalak legitimatzeko erabilitako “Iritzi erregimen” kontzeptuaren zutabe dira, gizartearen iritziaren isla eta sortzaile dira aldi berean, egunerokotasun politikoan garrantzia bizikoa beraz. Espainia ez da honen salbuespen izan, baina bere sistema politikoaren berezitasunekin nahastu izan da fenomeno hau. Diktadura osteko egoera politikoa eta nazioarteko komunikazioaren garapena nahastu ziren Estatuan, egoera komunikatibo berezia sortuz.

Azken hiru hamarkadetan hiru izan dira bereziki Espainiako mapa komunikatiboak jasan duen eraldaketaren arrazoiak: lehena, diktaduraren amaierak suposatutako trantsizio politikoa eta honek ekarritako prentsa askatasuna; bigarrena, prentsa askatasun horrek informazioaren munduan kapital nazional eta internazionalaren sarrera ahalbidetzea eta, azkenik, komunikabideak kapital pribatuen menpe geratzean, honek ekarritako kontzentrazioa, medioak enpresa gutxi batzuen esku geratu baitziren.

Azkenik, azaldu beharra dago diktadura frankistaren hastapenera jo behar dugula gaur egungo egoera informatiboa ulertu nahi badugu. Horrela azaldu daiteke 40 urteko iritzi askatasun falta, eta diktadorearen heriotzaren ostean emandako iraultza komunikatiboa, bai Espainia mailan eta baita Euskal Herri mailan ere.

Dena den, lan honen bitartez ez da soilik komunikabideen garapena momentu historiko ezberdinetan ikusiko; sistema politiko espainiarrak, gobernu ezberdinetan zehar, medioek politikan izandako influentzia eta sistema komunikatiboarekin egindako erabilera ere ikusiko da, aldeko iritziak sustatzeko asmoz eta, azken finean, sistema eta politika batzuk legitimatzeko asmoz. Horretarako, prozedura ezberdinak erabili izan dira, bai sistema autoritarioan (zentsura) baita demokrazian ere (gobernuaren esku geratzen den lizentzia banaketa).

Euskal sistema komunikatiboa, espainiar sistema politikoaren barne egotearen ondorioz, azken honen bilakaera historikoaren menpe egon da. Gauzak honela, euskal mapa komunikatiboa frankismoak ontzat hartutako prentsa erlijiosoak edota ez abertzaleak eta trantsizioak ekarritako prentsa askatasunaren baitan sortutako medioek (publikoak, Autonomi Estatutuan jasotako konpetentzien bitartez, zein pribatuak) osatzen dute.