2009-07-30

ENERGIA HORNIKETA ETA SEGURTASUN ENERGETIKOA (II)

1.2. HORNIKETA ARAZOAK: HERRI ESPORTATZAILEEKIKO MENPETASUNA.

Energia hornitzeko aurkitzen dugun beste arazoa baliabideen jabetzarena eta, ondorioz, esportazioarena dugu. Herrialde asko dira munduan nahikoa baliabide ez dituztenak barne horniketa bermatzeko, kanpotik ekarritako energia iturrien menpe geratuz. Herri esportatzaileen papera oso garrantzitsua bihurtzen da, bi norabidetan: botere posizio horrek eragin ekonomikoak ditu, prezioetan eragiteko bereziki. Erosleek prezio igoerak jasan behar izaten dituzte normalean, OPEP bezalako erakunde batek, Cartel izaera duen heinean, petrolio esportatzaileen interesak koordinatzen dituelako, euren arteko konpetentzia ezabatuz eta prezio unitarioak erabakiz (munduko petrolio ekoizpenaren %43 Petrolio Esportatzaile diren Herrien Erakundearen esku dago, beraz bere boterea nabarmena da. Botere honen adibide historiko garbia 1973ko petrolioaren krisian aurkitu dezakegu). Bestetik, energia iturrien jabeen garrantziak eragin geopolitikoak ere baditu, hornitzaile eta erosle diren herrien arteko harremanak baldintza ditzakeelako.


Europako Batzordeko Liburu Berdearen adibideekin jarraituz, segidan dugun grafikak Europar Batasunaren petrolio kontsumoa, ekoizpena eta inportazioak ageri zaizkigu. Ekoizpen eta kontsumoaren artean dagoen diferentzia hain handia izanik eta, ondorioz, hainbeste energia inportatu behar izanik eskari kopuru hori asetzeko, grafiko honek lehen aipatutako energia esportatzaileen garrantzia azpimarratu egiten du.



EUROPAKO 2009 HASIERAKO GASAREN KRISIA.

Errusiak eta Ukrainak 2009 hasieran izandako eztabaidak eta honek Europar Batasunari suposatutako kalte larriak aipamen bat merezi du, energia horniketa ezak ekar dezakeen kaos egoera eta energia inportatzaileek esportatzaileekiko duten dependentzia azaleratu zuelako. Krisi honetan, Errusiak Europara saltzen duen gasa moztu zuen, soilik Ukrainatik igarotzen diren hodien bidez, hauek Europara bideratzen den gasa lapurtzeaz salatuz. Errusiak Europara saldutako gasaren %80 Ukrainatik pasatzen da, beste %20a Moskuko politiketatik gertuago agertzen den Bielorrusiatik igarotzen den bitartean. Iritzi kontrajarriak ditugu krisi honetan: Carlos Taibo irakaslearen arabera, Ukraina kokapen geografiko horretaz baliatzen da Europara doan gasaren zati bat doan bereganatzeko; beste alde batetik, J. I. Torreblanca Kanpo Harremanetako Kontseilu Europarraren zuzendariak Europar Batasunaren boterea aldarrikatzen du, energia erosten duenak ere boterea baitu saltzailearengan
[1]. Batzuek, logikoa deritzote Errusiaren erabakia; beste batzuek ordea, Errusiak Soviet Batasuneko herri ohiekiko influentzia mantentzeko saiakera ikusten dute erabaki honetan. Interpretazioak interpretazio, krisiak heriotzak eta industria askoren blokeoa ekarri zuen, energia falta arazo larria dela argi utziz.

Politika komunitarioari begiratuz, eztabaida hau kaltegarria suerta dakioke Ukrainari Elkarteko kide izateko asmoei dagokionean, bere fidagarritasuna ezbaian jarri baita. Horniketak herrien arteko harremanak aldatzeko faktore garrantzitsua dela ikus daiteke azken egunetako albisteek zein norabide hartzen dutenaren arabera: EBk Turkiatik igaroko den hodi baten bidez gas horniketa babestuko du, Errusiarekiko menpetasuna saihestuz (Nabucco proiektu honek Azerbaiyanetik ekarriko luke gasa momentuz, etorkizunean Uzbekistan, Kazajistan edota Irak hornitzaile bihurtu daitezkeelarik
[2]), eta Ukrainaren eragina gutxituz. Honek ondorioak izan ditzake bai politika komunitarioan (etorkizuneko zabalkuntzak egiterako orduan) baita kanpo harremanetan ere (Errusiak bere botere kuota mantendu nahiko duelako, bereziki Europa ekialdeko herriekiko). Maiatzean bildu ziren europar eta errusiar ordezkariak gasaren eztabaidari amaiera emateko asmoz, baina ez zuten emaitzarik lortu[3].


Harreman geopolitikoez gain, aitortu beharra dago erabaki honek estatu hornitzaileen dibertsifikazioa dakarrela, horniketa bermatzeko irtenbide proposatuenetako bat, alegia.


[1] Informe Semanal: La Guerra del Gas. 17.01.2009. TVE.
[2] www.elpais.com. Turquía y la UE se alían para construir una vía alternativa al gas ruso.14.07.2009.
[3] El País. La UE y Rusia no alcanzan un pacto sobre el gas. 23.05.2009.

2009-07-26

ENERGIA HORNIKETA ETA SEGURTASUN ENERGETIKOA (I)


1. HORNIKETA ARAZOAK

Energia behar – beharrezkoa dugu eguneroko bizitzan, honen horniketak berebiziko garrantzia bereganatuz. Horniketa hau emateko, ordea, bi arazo aurkitu ditzakegu: bata, etorkizunekoa, gaur egungo energia iturri diren zenbait baliabide naturalen amaiera. Bestea, etorkizunari itxaron gabe gerta daitekeena, baliabide horien jabe diren herriekiko sortzen den menpetasuna. Lehenengoa da nazioarteko kezka nagusia, etorkizunean gerta litekeen balizko energia – falta egoera bat saihestea delako herrien lehentasuna (helburu horretara bideratzen dira energia iturri berriak aurkitzeko ikerketak). Hala ere, nahiz eta energia falta oso kezkagarria izan, gaur egungo nazioarteko harremanak baldintzatzeko gai dena baliabideen jabetza duten eta ez dutenen artean sortzen den menpetasunaren arazoa da.

1.1. BALIABIDEEN AMAIERA

Bi kausa aipatu daitezke beste guztien gainetik etorkizunean eman daitekeen zenbait baliabideen agortzea azaltzeko. Alde batetik, energia fosilekiko dugun erabateko menpetasuna. Energia fosilak, ikatza edota petrolioa kasu, ez dira baliabide amaiezinak, haizea edo eguzkia izan daitezkeen bezala. Kezkagarria da energia iturri bat amaitzeko arriskua egotea, baina kezkagarriagoa da planeta osoa amaitzeko arriskuan dagoen iturri horietan oinarritzea, baliabide horren kontsumoa gero eta azkarragoa baita. Energiaren Nazioarteko Agentziak dioenaren arabera, 40 urterako petrolioa dugu oraingo kontsumo erritmoekin jarraituz gero
[1]. Agentziak 2008ko egoera energetikoari buruz egiten duen ikerketa berean kritikatzen duenez, energia horniketaren munduan dugun laissez – faire politika mantenduz gero, ezinezkoa izango zaigu erregai fosilekiko menpetasun hori garaitzea:

“La persistencia del Laissez – Faire nos augura un futuro dependiente de las energías fósiles. En nuestro Escenario de Referencia, la demanda mundial de energía primaria crece a una media del 1,6% anual en 2006 – 2030, pasando de 11.730 millones de toneladas equivalentes de petróleo a algo más de 17.010 millones, esto es, un aumento del 45%”
[2].

Beste alde batetik, kontsumo erritmo jasangaitzak daramatzaten gizarteak ditugu baliabideen balizko amaiera baten bigarren kausa nagusia. Aurreko aipamenean agertzen den datu berberak dioen bezala, energia eskariak 1,6% gora egiten du urtero – urtero, baliabideak gero eta azkarrago xahutuz. Europako Batzordeak 2001 urtean kaleratutako Liburu Berdean agertzen den kontsumo energetikoaren inguruko grafiko adierazgarri batean ikus dezakegun bezalaxe, etxebizitzan, industrian zein garraioan egiten den kontsumoa gora doa urtero, baino hiru sektoreen artean ere gehien hazten dena etxeko kontsumoa da.


Argitalpen honen arabera, Industria baliabide energetikoak sakabanatzen saiatu den bitartean, bizimodu mailaren hobetzeak eta erosotasunak biztanle bakoitzeko egiten den kontsumoa handitzea ahalbidetu du. Ez da soilik gehien hazten ari dena; etxebizitza, kontsumo iturri nagusia ere bada. Garraioen kontsumoa da, Europako Batzordearen ikerketaren arabera, zalantza gehien sortzen dituen arloa. Garraioaren merkatuaren %98 petrolioaren menpe dago (petrolioaren eskari osoaren %67a suposatzen duelarik), eta eskariak gora egiten du urtero. Kontuan hartzekoa da segidako esaldia:

“Los esfuerzos emprendidos por la industria automovilística en virtud del acuerdo celebrado con la Comisión para reducir las emisiones de CO2 de los turismos contribuirán de forma importante a la atenuación de estas tendencias, pero estos progresos serán insuficientes para reducir y estabilizar la demanda energética del transporte”.[3]

Beraz, nahiz eta teknologikoki aurrerapenak lortu garraioen kontsumoa murrizterakoan, eskariaren gorakada indartsuagoa da teknologiaren ekarpena baino. Kontuan hartu behar da, betiere, datu hauek guztiak Europar Batasunari lotuak daudela. Arazoaren kausara bueltatuz, garrantzia handia eman beharko genioke gizarteen erritmo jasangaitzari, gizabanakoen esku baitago etxebizitzako eta garraioetako kontsumoa, eskaria gero eta gehiago igotzen diren sektoreak, alegia.


Eztabaida: Herrialde emergenteek energia kontsumoari egindako ekarpena.

Askoren ustez, Txina edo India bezalako herrialdeek eta, ondorioz, guztira 2.400 milioi biztanlek lortutako garapen mailak du energiaren gehiegizko kontsumoaren ardura, bere eragina ekologikoki oso kaltegarritzat joz. Nahiz eta herri hauen hazkunde ekonomikoa eta ondorioz kontsumo energetikoa errealitate bat izan (“Chinese people's voracious appetite for cars are increasing the country's demand for oil and natural gas, industrial and construction materials, foreign capital and technology. Twenty years ago, China was East Asia's largest oil exporter. Now it is the world's second-largest importer[4]”).

Eztabaida etikoa sortzen da Estatu hauen inguruan; kaltegarria da hainbeste pertsonen kontsumoaren eragina ingurumenarengan, baina, beste alde batetik, nola ukatu Txina edo Indiari mendebaldeko herrialdeen bizimodu mailaz gozatzea? Zer da lehenago, garapen ekonomikoa ala ingurumenaren zaintza?
Dena den, Txinaren ardura erlatibizatzen duenik ere bada:

En plena revolución industrial, [China] ha desbancado a EE.UU. como principal productor mundial de dióxido de carbono. Pero esas cifras son engañosas, no sólo porque mucho de ese dióxido se emitió en la fabricación de productos para Occidente, sino porque tiene un número de habitantes cuatro veces superior al de EE.UU. Las autoridades chinas han comenzado a poner en marcha esfuerzos para reducir las emisiones(…), y apenas existe un solo coche en EE.UU. que pueda igualar los estándares mucho más estrictos de China en cuanto al consumo de combustible
[5]”.

[1] International Energy Agency(2008): World Energy Outlook, 9. or.
[2] International Energy Agency(2008): World Energy Outlook, 4.or.
[3] Europako Batzordea(2001): Libro Verde. Hacia una estrategia europea de seguridad del abastecimiento energético. 15 – 16. or.
[4] Zweig, David eta Jianhai, Bi (2005eko iraila / urria): China’s global hunt for energy. Foreign Affairs.
[5] McKibben, Bill (2009ko otsaila / martxoa): Cambio Climático. Foreign Policy.