2009-08-15

ENERGIA HORNIKETA ETA SEGURTASUN ENERGETIKOA (III)

2. IRTENBIDEAK

Horniketa arazoei aurre egiteko garaian, irtenbideak bilatzeko bi ikuspuntu ditugu. Alde batetik, energia iturrien amaierari aurre egiteko irtenbideak; bestetik, beste Estatuekiko dependentzia murrizteko irtenbideak.

Lehenengo ikuspuntuan kokatzen da Nazioarteko Energia Agentzia. Bere helburuetan agertzen den bezala, Agentziak eraginkortasun energetikoa eta energia iturrien dibersifikazioa proposatzen du. Eraginkortasuna energia ekoizpenarekin lotuta dago: beharrezko energia baino ez litzateke ekoiztu behar eta horrek guztiak, nola ez, gizabanakoen energia kontsumo arrazionalagoa eskatzen du. Dibertsifikazioa da beste irtenbidea NEAren ustez; energia iturri ezberdinetan inbertituz gero, energia bakarrarekiko menpetasuna ezabatuko litzateke. Honekin lotuta, energia berriztagarrien edota atomikoaren abantaila nagusietako bat energia kontsumitzen den lekuan bertan ekoiztu daitekeela izango da (nahiz eta energia nuklearrarentzat beharrezkoa den uranioa ez dagoen edonon).


Dibertsifikazioaren argudio hau erabilgarria da baita Estatu hornitzaileekiko dependentzia gogorra ekidin nahi dutenentzat, kontzeptu hau herri esportatzaileen mapa zabaltzeko ere erabiltzen delako. Europar Batasunak, beharrezkoa duen gas guztia Errusiari erosi beharrean, Azerbaijani ere erosten badio, EB horniketa bermatzen ari da Estatu hornitzaileen dibertsifikazioaren bitartez. Europar Batzordearen Hornikuntza Energetikoaren Segurtasunaren inguruko Liburu Berdeak (2000) emandako irtenbideak Estatuekiko dependentzia gutxitzearen norabidean doaz, besteak beste gizabanakoek kontsumo ohituren aldaketa sakona bultzatuz, energia erreserbak haziz eta energia nuklearra bultzatuz.

ENERGIA ALTERNATIBAK. BERRIZTAGARRIAK ETA NUKLEARRA.

Azter ditzagun orain zein alternatiba energetiko eskaintzen zaizkigun, energia fosilen balizko amaierari aurre egiteko eta Estatuen independentzia energetikoa ziurtatzeko.

Bi energia mota agertzen dira eztabaida honetan: berriztagarriak eta nuklearra. Berriztagarriak energia berdeago gisa ageri dira, eta hauen artean eolikoa, fotovoltaikoa eta biomasa dira aipagarrienak. Izenak berak esaten duen bezala, energia amaiezinak dira, baliabide naturalak erabiltzen direlako, hala nola haizea, eguzki izpiak, itsaso uhinak… Esan bezala, energia mota garbiagoa dugu, beste batzuek baino CO2 gutxiago isurtzen duelako atmosferara. Argudio hau da sarritan erabiliena talde ekologisten artean. Aurreko guztiaz gain, errekurtso natural hauek planeta osoko edozein lekutan izateak energia kontsumo guneetatik gertu sortzea ahalbidetzen du, gune horietara iristeko bidean oso gutxi galduz. Beste alde batetik, berriztagarriek ere badituzte desabantailak. Lehenik eta behin, teknologia ez dago garatuegia, eta oraindik ere etorkizuneko energia gisa ulertzen da. Honen adierazle da segidako datua: 2005ean, berriztagarriek munduan ekoiztutako elektrizitatearen %18a sortu zuten, eta 2030erako %29ra igotzea espero da. Garatuegia ez egoteak bere prezioa garestitu egiten du momentuz. Beste kontrako argudio tekniko bat energia hauek bilketarako dituzten zailtasunak dira; bilketa oso urria bada, egoera klimatologikoaren gehiegizko menpetasuna agertzen da. Nazioarteko Energia Agentziaren txosten baten arabera, energia hauek behar – beharrezkoak izango dira etorkizunean energia horniketa bermatzeko - “a large basket of sustainable energy technologies will be needed to address the challenges of moving towards clean, reliable, secure and competitive energy supply”- eta hau aurrera eraman ahal izateko gomendioak ematen dizkie bere ustetan materia honetan koordinazio falta duten gobernuei:

“All governments are encouraged to note the following principles relating to policies supporting RET deployment:
• Realise the urgency of implementing effective support mechanisms in order to accelerate the exploitation of the major potential of renewable energy technologies to improve energy security and tackle climate change;
• Remove and overcome non-economic barriers as a first priority to improve policy and
market functioning
[1]”.

Energia iturri berrien eztabaidan berriztagarrien kontrako poloan agertzen zaigun alternatiba energia nuklearra da. Bere defendatzaileek hiru argudio plazaratzen dituzte bereziki: behar bezain besteko energia kopurua sortzeko ahalmena du, baita kontsumitzen ez dena gordetzekoa ere; nahiz eta zentral nuklearren sorrera garestia izan (4.000 – 7.000 milioi euro erreaktore bakoitzeko), hauek sortutako energia oso merkea da; azkenik, planetarentzat hain kaltegarriak diren CO2 isurketak gutxiagotzen ditu iturri fosilekin alderatuz. Azkenik, esan beharra dago uranioa lortzea gasa edo petrolioa edo gasa lortzea baino errazagoa dela, bereziki herrialde gehiagotan aurkitu dezakegulako (beste behin dependentzia estatalak gaindituz). Antinuklearren ustez ordea, aukera honek istripu arriskuak ditu, planeta zein gizakientzat oso kaltegarrian izan daitezkeen istripu arriskuak, eta bestetik, zabor nuklearraren arazoa dago. Nahiz eta nuklearren aldekoek energia garbia dela esan, oraindik ez dakigu zein irtenbide eman diezaioken gizakiak zabor nuklearrak pilatzearen arazoari. Gaur egun, zentraletan bertan edota hilerri nuklear deiturikoetan gordetzen dira, zabor horri guztiari norbaitek irtenbide bat bilatu arte. 2009 hasierako gasaren krisiaz bereziki baliatu zen lobby nuklearra, aukera hau energia horniketaren segurtasunaren irtenbide onena gisa aurkeztuz.


[1] International Energy Agency (2008): Deploying Renewables. Principles for Effective Policies.