2011-06-02

EUSKAL NAZIONALISMOAK: ATZOKO ETA ORAINGO ARDATZAK

Gu gera hiru probintzi

Lengo legeari eutsi

Ez oraindikan etsi

Naiz anka bana autsi

Jaioko dira berriak

Gu gera Euskal-erriak

Xenpelar

Hori zioen Xenpelarrek 1869 inguruan. Mende bat beranduago, 1971 aldera, Benito Lertxundik galdetzen zuen ea lau, bat, hiru bost ala zazpi garen. Bistan denez, Euskal Herriaren lurralde definizioa luzaroan eztabaidatutako elementua izan da. Lurraldeari erreferentzia egin dioten lelo bat, Zazpiak bat, euskal abertzaletasunaren nagusietako bat izan da. Ez bakarra, ordea.

Arrazak, hizkuntzak eta lurraldeak protagonismo nabarmena izan dute euskal nazionalismoa hezurmamitzerako orduan. Ontzat jotzen badugu euskal nazionalismoa, gizarte modernoetako mugimendu gisa, XIX. mende amaieran sortu zela, hiru elementuek paper garrantzitsua jokatu dute garaiaren arabera. Hala ere, nazioa gorpuzteko elementu horietako bakoitza ez da izan garai zehatz bateko elementu bakarra; euskal arraza goratzen duen nazionalismoak euskararen defentsa izan du bigarren mailan, adibidez. Sabino Aranak, euskal arraza onesten zuenak, euskara gazteleraren eraginetik “garbitzen” jardun zuen, eta euskarazko hiztegi zabala sortu zuen. Elementu bakoitzaren protagonismoa da urteak igarotzearen kariaz aldatzen joan dena, eta horrek agerian utzi du nazio eta nazionalismo ororen, baita euskal nazioaren eta nazionalismoaren, izaera dinamikoa.

Arraza. Hastapenetako euskal nazionalismoa, XIX. mende amaierakoa, euskal arrazan ardaztu zuen Sabino Aranak. Kontuan izan behar da garai hartan Bizkaiko ezkerraldeak bereziki bizi zuen testuinguru sozioekonomiko berria. Etorkinen etorrera masiboak eraldatu egin zuen Bizkaiko zonalde hartako gizartea, eta balio tradizionalak krisian nabaritu zituen Aranak. Larrazabalgo diskurtsoan, 1893ko ekainaren 3an, Aranak bizkaitar izpirituaren galeranabarmena aipatzen du, eta galera horren erantzule egiten ditu etorkin espainiarrak. Euskararen eta kristautasunaren galera haiei egozten die, eta euskaldunen berezko izaera positiboa azpimarratzen du. Hala zioen Bizkaitarra aldizkariaren 15. alean:

"El aseo del vizcaíno es proverbial [...]; el español apenas se lava una vez en su vida y se muda una vez al año [...]. Oíd hablar a un vizcaíno, y escucharéis la más eufórica, moral y culta de las lenguas; oídle a un español, y si sólo le oís rebuznar, podéis estar satisfechos, pues el asno no profiere voces indecentes ni blasfemias".

Halako diskurtsoekin, Aranak eta hark sortu berri zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak zailtasunak zituen etorkinak euskal nazionalismora erakartzeko. Urteek aurrera egin ahala, EAJk diskurtso xenofoboa pixkanaka alboratu behar izan zuen, boto merkatua zabaltze aldera. 1930eko hamarkadaren amaieran, jada, euskal nazionalismoak guztiz baztertu zuen diskurtso hori, nazismoak eta frankismoak arrazari eta hari lotutako nazionalismoari buruz eginiko erabileragatik. Nazioa mamitzeko elementu berrien bila abiatu behar izan zuen euskal abertzaletasunak.

Hizkuntza. Zer Euskal Herri litzake bere hizkuntza ere galtzen duena? Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena, zioten Oskorrikoek 1982an. Arrazaren elementu zurrun eta hauta ezinaren ondoren, nazioko kide izateko elementu boluntaristagoetara jo zuen euskal nazionalismoak. Jazarpen kultural eta politikoaren aurrean, abertzaletasunak euskararen eta, oro har, euskal kulturaren defentsari heldu zion frankismo garaian. Arrazan oinarritutakoaren eta, oro har, nazionalismo gehienen (guztien, agian) antzera, euskara ardatz duen nazionalismoak gora egin zuen elementu identitario hori erasoa izan zen testuinguru batean. Erreakzio gisa nagusitu zen hizkuntza nazionalismoa. Gainera, XX. mende hasierakoak baino aukera gehiago eskaintzen zituen hizkuntzak; izan ere, Kymlickak dioen bezala, nazioko kide ez direnek hizkuntza bat ikasteko eta beste kultura batzuetan barneratzeko aukera eta ahalmena dute, eta beraz, euskara ez dakitenak ere euskal nazioaren kide izatera irits daitezke. Esan bezala, hizkuntza nazionalismoak borondateari ateak ireki zizkion.

Maila diskurtsiboan lehen lerroan iraun ez badu ere, maila sinbolikoan protagonismo osoko elementua da euskara gaur egun. Gainera, esparru kultural horretan nazio kontzepzio osoan eman den zabalkuntza ere gertatu da, ez baita soilik nazioko kide euskaraz dakiena; baita euskara ez jakinagatik ere, hura berezkotzat sentitzen duena ere. Horren adibide gisa, aurtengo Korrikaren 17. edizioan Euskalakari hitzaz eginiko definizioa: 1. iz. / izond. Euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen duena. 2. iz. / izond. Euskara erabiltzeko helburuz, euskara maitatuz, euskara ikasi, eta hobetzeko ahaleginak egiten dituena. Horretarako urratsak ematen dituena.

Lurraldea. Nazionalismoari buruzko teoriko ugarik lurraldea ezinbesteko elementutzat jotzen dute nazioa definitzerakoan. Millerren arabera, nazioa besteak beste lurralde batekiko lotura duen komunitatea da. Smithen ustez, nazioa lurralde propioa okupatzen duen giza komunitatea da, eta zehaztu egiten du gainera: lurraldearekiko lotura soila dutenak etnia dira, ez nazio.

Euskal Herriko kasua ez da ezberdina izan. Lurraldeak, ziur aski, ez du lehen mailako protagonismoa izan nazionalismoaren eraikuntzan, baina beti presente egon den elementua izan da. Batetik, herrialdeen banaketa administratiboak eta Euskal Herri baten ukazioak zazpi herrialdek osatutako Euskal Herri hori nazio bat dela defendatu behar izan duelako euskal nazionalismoak. Gainera, nazionalismoa proiektu politikoa den heinean, nazioko kideen leialtasunaz gain, horien eginbehar eta eskubideak kudeatzea du helburu. Nazioaren lurraldea zehaztea, mugak zeintzuk diren argitzea, ezinbestekoa da beraz, egitasmo politiko horrek lurralde zehatz batean bizi diren herritarrengan izango duelako eragina.

Legitimazioaren ikuspegitik, ordea, lurraldeak zailtasunak ditu nazioaren ardatz bilakatzeko. Elementu hori aldakorra izan da oso historian zehar, Euskal Herrian nahiz munduko herrialde gehientsuenetan. Beraz, nazio bati dagokion lurraldea zehaztea oso zaila da, iraganean erreferente gehiago egongo direlako lurralde hori beste nazio baten lurraldea izan zela argudiatzeko. Bestalde, elementu horrek bere barnean bizi diren kide guztiak egiten ditu nazioko kide. Badirudi, beraz, biztanle gehien barnebiltzeko ahalmena duen tresna dela lurraldea; hala ere, mugimendu nazionalistaren helburuetako bat nazioko kideak ekoiztu eta horien eta nazioaren artean leialtasun sare bat jostea baldin bada, ez dirudi lurralde irizpidearekin hori lortzen denik. Arrazarekin, euskaldun ez zenak ezin zuen izan, nahi izanda ere; lurraldearekin, espainiar eta frantziar gara izan nahi ez dugunok ere.

Aipatutako hiru elementuez gain, klasikoak izan daitezkeenak, euskal nazioko kide nor den zehazteko tresna gehiago ere erabili izan dira. 1960 hamarkada inguruan, Euskal Langile Herriak edo Pueblo Trabajador Vasco delakoak Euskal Herrian lan egiten zuen orori zabaldu zion euskal nazioko kide izateko atea, eta gainera, eduki ezkertiarrez mamitu zuen izaera hori.

Bistan denez, euskal nazionalismoa “demokratizatuz” edo herritar gehiagori zabalduz joan den mugimendua izan da. Argudio biologiko hauta ezinetatik, elementu gero eta boluntaristagoetara egin du salto, gaur egunera arte. Horren erakusle da mundu mailan, baita Euskal Herrian ere, estaturik gabeko nazioek autodeterminazioaren teorien esparruan aukeren teoriaz eginiko hautua. Nazioaren elementu klasikoak (arraza baztertuta) maila sinbolikora iragan dira euskal nazionalismoaren diskurtsoan, eta nazioko kidetasun gero eta boluntarioago bateranzko bidea egin du, helburua berdina bada ere: gehiengoak sortu, Estatu eraikuntzan urratsak egin, eta finean, subiranotasun maila altuagoetatik, nazioaren ardatz diren elementuen alde egitea. Bide horretan, bi adibide historiko ditugu: Israel, edo Irlanda. Lehenak, estatua lortu eta herritar guztiak hildako hizkuntza batean alfabetatzea lortu zuen. Bigarrenak, Estatua sortu zuenerako, babestu beharreko hizkuntza erabat galdua zuen.

Nazionalismoak bereizketa egiten du nazioko kideen eta kide ez direnen artean. Gure eta besteen artean. Beraz, gu besteetatik bereizten gaituzten elementuak nabermentzen ditu. Euskaldun fededun ekuazioarekin, Sabino Aranak harresia eraiki nahi izan zuen Espainian gora zihoan fede galerarekiko. Ziur aski, arrazoi horregatik izan da hain garrantzitsua euskara euskal nazionalismoan; hizkuntzak bereizten baikaitu guztiz gainontzeko herrietatik.

2011-05-18

ILEGALIZAZIOAREN AJEAK: 9 URTEKO LEGEZ KANPORATZEAREN ONDORIOAK

Ezker abertzalea 2002an utzi zuten legez kanpo, Espainiako Alderdi Politikoen Legea indarrean sartzearekin batera. Ia hamar urte igaro dira, eta hamarkada batean zeharo eraldatu da Euskal Herriko panorama politikoa. Izan ere, ezker abertzalearen alderdi politikoa jokoz kanpo uzteak eragin zuzena izan du gatazka armatuaren trataeran, gainontzeko alderdi politikoen estrategietan, eta baita kudeaketa publikoaren arloan ere, erakundeetako indar korrelazioak itxuraldatu dituen neurrian.

Ilegalizazioa ez da soilik Espainiako defizit demokratikoaren adierazle bat izan; gehiago ere izan da. Nolabait, cleavage edo haustura lerro batean bihurtu da, Alderdien Legearen aldekoak eta kontrakoak banatuz. Bestalde, ilegalizazioak gainontzeko alderdien mugimenduetan eragina izan du.

2002an Batasuna legez kanpo utzi zutenetik, hauek izan dira, gutxi gora behera, ezker abertzaleak udal eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako emaitzak:


Ezker abertzalearen boto kopuruaren gora beherak ulertzeko, taulatik gako batzuk nabarmentzea komeni da:

* 2003. Herri batzuetan aurkezteko aukera izan zuen. Ilegalizazioaren ondorengo lehenengo hauteskundeak izaki, erantzun oldarkorra egon zen.

* 2005. Beste zerrenda batzuk legez kanporatu bazituzten ere, azkenean EHAKk aurkezteko aukera izan zuen Eusko Legebiltzarrerako bozetara.

* 2007. Su eten garaia. Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenden erdia onartu zituzten Espainiako auzitegiek.

* 2009. ETAk 2007ko hauteskundeak igaro eta astebetera hautsi zuen menia. Ezker abertzale historikoa hauteskunde horietatik erabat kanpo geratu zen.

Badirudi legez kanporatzeak izan baduela eragina ezker abertzaleak jasotako boto kopuruan, baina ez dela aldagai garrantzitsuena. Izan ere, zailtasun gehiago izan zituen EAEk 2007an EHAKk 2005ean baino, eta hala ere, hobeak izan ziren EAEren emaitzak. Alta, badaude datu adierazle batzuk, legalizazioaren ondorioek duten neurria erakusten digutenak: 2009an, sei urtez hauteskundeetan aurkezteko zailtasunak izan eta gero, ezker abertzalea erabat geratu zen legez kanpo; bi urte lehenagoko emaitzak erdira jaitsi ziren. Agian, ilegalizazioaren aroak ez du nahikoa iraun, fidagarritasun nahikoarekin behatzeko zenbaterainoko eragina izan duen ezker abertzalearen boto galeran eta boto baliagarriaren erabileran. Hots, ezker abertzalearen barnean ETAren borroka armatuak duen legitimazioaren galeran.

Legez kanporatzearen aurreko datuak ematen dituen heinean, argiagoa dirudi ETAren jardunak ilegalizazioak berak baino eragin zuzenagoa izan duela ezker abertzalearen babesaren gorabeheretan. Azken 15 urteotan, ETAk su etena eman duen epeetan izan ditu ezker abertzaleak emaitza hobeak. 1998an, Lizarrako akordioaren garaian eta ETA su etenean zegoela, inoiz baino emaitza hobeak lortu zituen ezker abertzaleak. 2001eko bozetan, ordea, Eusko Legebiltzarrean 14 eserleku izatetik soilik 7 izatera igaro zen. 2007an, su etenean zegoen ETA maiatzeko hauteskundeetan, eta ia 200.000 botora iritsi zen. Ekainean hautsi zuen menia ETAk, eta 2009ko hauteskundeetan beherakada oso nabarmena jasan zuen ezker abertzaleak; beste behin, erdira. Halabeharrez, egoera horrek ezker abertzalea eztabaida sakon batera eraman zuen: legalizazioa behar beharrezkoa da kapital soziala ez bada galdu nahi, baina horrek derrigorrez borroka armatuaren amaiera eskatzen du.

Aukera paregabea zabaldu zitzaien ezker abertzalearen masa sozialaren ozeanoan arrantza egin nahi izan zuten Aralarri eta EAri. Unai Ziarretaren zuzendaritzapean, EAJren gerizpetik ihes egiteko apustu politikoa egin zuen EAk 2009ko hauteskundeetarako. Apustu horrek ezkerrera bira egitea eskatzen zuen alabeharrez. Eusko Legebiltzarrerako bozetan, apustua ezin okerrago atera zitzaion EAri, baina urrats hori egin ez balu, ziur aski gaur egun ez luke izango ezker abertzalearen birsozializazio politikoan izan duen garrantzia. Beraz, ezker abertzalerantz EAk duela hiru urte inguru abiatutako gerturatzea gakoa izan daiteke ezker abertzaleak bide demokratikoen alde eginiko apustua sendotzeko, komunitate politikoan barneratzen laguntzeko, eta legalitatera itzultzen laguntzeko.

Aralarren abiapuntua bestelakoa zen 2009an. Ezker abertzalearen esparru ideologikotik irten gabe, ezker abertzalearen alternatiba izatea zen (eta da) Aralarren xedea. Jatorri hori da ezker abertzaleko boto emaile natural batentzat Aralar EA baino alternatiba naturalagoa izatea; ezker abertzalearen alternatiba “beste” ezker abertzale bat da, eta ez EAJtik sortutako alderdi sozialdemokrata. Aralarrek lau eserleku lortu zituen 2009an; EAk, aldiz, bat. Aralarrek ia hamarkada oso bat igaro zuen, ezker abertzale tradizionaletik banatu zenetik, emaitza diskretuak jasoaz. 2009an, ordea, 62.000 botora iritsi zen, 2005ean (EHAK legezkoa zenean) izandako emaitzen bikoitza baino gehiago (28.000) lortuz.

Aralarren igoera horrek garrantzia nabarmena du ezker abertzale tradizionalak hauteskunde horien ostean egin zuen barne eztabaidan. 2009ko emaitzek azaleratu zuten Aralar alternatiba gisa sendotu zitekeela ezker abertzale historikoaren aurrean, eta bat-bateko igoera horrek planteatu arazi zion ezker abertzale historikoari ETAren jarduerak bere babes sozialean zuen eragin kaltegarria.

Bestalde, boto kopuru garrantzitsu bat jasotzen duen korronte politiko bat lehia politikotik kanpo uzteak eragin zuzena du parlamentuen indar korrelazioan, horietatik eratortzen diren gobernuen eraketan, eta beraz, kudeaketa publikoan. Eusko Legebiltzarrerako azken bozei erreparatzea besterik ez dugu:

2009ko hauteskundeetan ezker abertzalea legezkoa izan balitz, eta D’Hont formula aplikatuz gero, sei edo zazpi eserleku erdietsiko zituzkeen. PPk eta PSE-EEk eskuratutako eserlekuak ez lirateke Eusko Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko beharrezkoak diren 38 eserlekuetara ailegatuko (34 eserleku guztira), eta, ziur aski (hau jada politika fikzioa baita), gaur egun PSE-EE ez legoke gobernuan (ez, behintzat, Lehendakaritzan).

Lopezek zuzendutako gobernuak abiatutako politiken zerrenda bat egin liteke, ezker abertzalearen balizko sei eserlekuen garrantziaz jabetzeko. Baina aurrera begiratuz gero, are adierazgarriagoa izan daiteke Bilduren parte hartzearen eragina. Aurreikuspenek diote Gipuzkoan emaitza oso onak izan ditzakeela Bilduk, lehenengo indarra ere izateraino irits daitekeela. Makroproiektu ugari daude jokoan herrialde horretan (Pasaiako kanpoko kaia, Zubietako errauste planta, Hondarribiko aireportuaren luzapena), eta jakina da ezker abertzaleak proiektu horien aurrean duen aurkako jarrera. PSE-EEk eta EAJk zerrenda bozkatuena errespetatu eta, Bilduk irabaziz gero, koalizioaren esku utziko balu Aldundia, proiektu “estrategiko” horiek kolokan leudeke. Bestalde, Bilduk irabazi eta PSE-EEk eta EAJk gobernu akordioa egiten badute, egoera zaila izango luke kudeatzeko EAJk bereziki, legitimazio hutsune galanta nabarituko bailuke. Baina Bilduk lehen indarra ez bada ere, orain artekoa baina oposizio gogorragoa izango dute –kuantitatiboki, behinik behin- proiektu horien aldekoek.

Aurreikuspenak betetzen badira, Bilduk oso emaitza onak izango ditu maiatzaren 22an. Horrek argi erakusten du, ilegalizazioak ilegalizazio, ezker abertzalearen kapital politikoak hor jarraitzen duela, eta legalizazioarekin eta ETAren indarkeriaren amaierarekin, kapital hori ahal bezain beste aktibatzea besterik ez zaiola falta.