2009-02-02

INDARKERIAZ (Crisis de la República, 1969)


Hanna Arendt-ek analisi sakona egiten du biolentziaren eta boterearen inguruan saiakera honen bitartez. Bi kontzeptu hauei eta euren arteko konexioei buruzko azterketa beste hainbat autoreren idatzietan oinarrituko du pentsalari alemaniarrak, besteak beste Weber, Voltaire, Passerin d’Entrèves edota Jouvenel aipatuko dituelarik.

Abiapuntuko ideia litzateke: boterea besteek nik nahi dudan bezala joka dezaten eragitea da. Boterea aginduak eta agindu horren obedientziak osatzen dute. Boterearen esentzia agintearen eraginkortasunean oinarritzen bada, orduan indarkeria botere adierazpen handiena da. Passerin d’Entrèves-ek ordea ez du indarkeria botere azalpen bezala ikusten, boterea bera indarkeria mota samurtu gisa baizik.

John Stuart Mill-en gogoetak boterearen eta obedientziaren ingurukoak dira. Bere ustez, bi joera natural du gizakiak: besteen gainean boterea izateko desioa, eta guregan boterea izan dezatenaren higuina. Beraz, zibilizazioaren lehen ikasgaia obeditzen ikastea da. Stuart Mill-ek baieztapen hau osatu egingo du, obeditzen duenak agintzeko balio duela eta obeditzeko higuina duenak boterea izateko higuina duela esanez. Arendtek Hiri – Estatu atenastar eta erromatarretan oinarritzen du Mill-en usteen kontrako teoria, antzinako hiri hauek ez baitziren agindu – obedientzia harremanetan oinarritzen.

Obedientziaren gaiarekin jarraituz, lurralde erakundeei boterea herriaren onarpenak ematen ei die, beraz ordezkapeneko gobernu bat herriaren menpe geratzen da, herriak berak ematen baitio boterea. Hala ere, gobernuaren boterea berarekin daudenen kopuruaren araberakoa izango da, eta horrexegatik bereizten dira boterea eta indarkeria, lehenengoak kopuru bat edukitzea beharrezkoa duelako, bigarrena bere tresnetan oinarritu daitekeelarik, jenderik behar izan gabe. Teoria hau jadanik abiapuntuko ideietatik aldentzen da, hasieran boterea eta indarkeria nahasten baitziren, hemen norabide ezberdinak hartzen dituztelarik.

Arendtek, beste alde batetik, boterea, potentzia, indarra, aginpidea, agintea eta indarkeria terminoak definitu edo ezaugarritzen ditu: honela, boterea gizakiak talde gisa ekiteko duen gaitasuna omen da. Taldea banatzen denean, boterea taldearekin batera desagertzen da. Potentzia, banakotasun bati dagokion ezaugarria izango litzateke, izaerarik dagokiona. Indarra “naturaren indar” edo “egoeraren indarra” terminoetara mugatzea egokiagoa dela irizten du pentsalariak. Aginpidea obeditua izateko derrigortzeko beharrik ez duena da, pertsonei zein erakundeei dagokiena. Aginpideak ordea errespetua eskatzen du halabeharrez. Azkenik, indarkeria izaera intsrumentalak bereizten du; “Potentziatik hurbil dago, indarkeriaren tresnak berezko potentzia areagotzeko sortuak eta erabiliak baitira”.

Eztabaida beste eremu batzuetara eramanez, iraultza aukerak asko murriztu direla aipatzen zaigu, gobernuen esku dauden armen ahalmen suntsitzailea dela eta. Horren aurrean, Arendtek esango digu aurrerapen teknologikoek ez dutela estatuaren baliabideen eta herriak lor ditzakeenen arteko ezberdintasun ikaragarria handitu. Indarkeriaren kasuan Estatuaren hegemonia erabatekoa da, gobernuaren botere – egitura mantentzen den, aginduak obeditzen diren eta indar armatuak armak erabiltzeko prest dauden bitartean. Hau ez bada gertatzen, egoera aldatu egiten da, matxinada ez delako zapaltzen eta armak eskuz alda daitezkeelako. Honen harira, desobedientziaren aurrean armen erabilgarritasun eza aipatzen du Hannak, obedientzia jadanik ez litzatekeelako agindu – obedientzia harremanetan oinarrituko, iritzietan eta hauen atzean dauden kopuruetan baizik.

Indarkeria bide hutsetan oinarritu den gobernurik ez da inoiz egon, ezta sistema totalitarioetan ere, hauek oinarrizko botere bat behar dutelako, polizia sekretua eta informatzaile sarea kasu. Eredu despotikoenak re ez du bere oinarria derrigortze bideen nagusitasunean ezartzen, boterearen antolamendu hobean baizik. Izan ere, boterea ez da gizaki bakar baten esku geratzen, ez duelako nahikoa botere berak bakarrik indarkeria arrakastaz erabiltzeko. Horregatik da indarkeria azken baliabidea. Boterea gobernu ororen esentzia da, indarkeria ordea tresna bat, baliabide bat.

Botereari buruz hitz egitean aipatu gabe ezin gelditu daitekeen beste kontzeptu bat lantzen du Arendtek: legitimitatea. Dioenez, botereak ez du justifikazio beharrik, legitimitatea baizik. Hau iraganera joz oinarritzen da, boterearen sorreran, jatorrian aurkitzen da legitimitatea. Justifikazioa, beste alde batetik, etorkizuneko helburu bati buruzkoa da. Legitimitatearen eta justifikazioaren arteko ezberdintasuna markatzen du, biolentzia justifikagarria baina inoiz ez legitimoa izango dela esanez.

Indarkeria eta biolentziaren arteko lotura hainbat formularen bitartez azaleratzen du alemaniarrak; indarkeriak boterea suntsi dezake, baino ezingo du inoiz boterea sortu. Aldi berean, indarkeriarekin menperatzea boterea galtzen ari den unean gertatu ohi da. Indarkeriaren bitartez lortutako garaipenak, nahiz eta garaipen iruditu, prezio altua ordaindu behar du, garaipen mota honek alderdi autosuntsitzaile bat duelako argi eta garbi.

Laburbilduz: boterea eta indarkeria kontrajarriak dira (bata badago ez dago bestearen beharrik, bigarrena agertzen denean lehenengoa desagertzeko bidean dagoen bitartean). Indarkeriak boterea suntsitu dezake, baina inola ere boterea sortu
.