2009-10-07

ENERGIA HORNIKETA ETA SEGURTASUN ENERGETIKOA (IV)

4. APLIKATUTAKO POLITIKAK

Energia horniketa Estatuen eskuduntza esklusiboa da, beraz ohikoena da Estatu bakoitzak bere energia eredua aukeratzen duela ikustea. Lehen mailako gaia da energia horniketa, eta horregatik Estatuek materia honen inguruan erabakiak hartuko dituen nazioz gaindiko erakunde bat onartzea bere subiranotasunaren zati bat galtzea onartzea bezalakoa izan liteke. Ondorioz, nazioarte mailan aurkitu dezakegun bakarra Estatuen arteko akordio edo konpromiso zehatzak edota Agentzia ezberdinen proposamenak dira.

Europar Batasuneko Batzordeak plazaratutako Liburu Berdeak zenbait jarraibide ematen zituen energia horniketa ziurtatzearen inguruan, baina eskuduntza ezak gomendio izaera besterik ez dio ematen Liburuari. Hala dio testuak:
“La Comunidad puede intervenir ejerciendo sus competencias en varios campos, por ejemplo el mercado interior, la armonización, el medio ambiente y la fiscalidad. No obstante, la falta de consenso político a favor de una política energética comunitaria limita las posibilidades de intervención. Convendría estudiar si sería ventajoso ampliar las competencias comunitarias en materia de energía para que la UE pudiera dominar mejor su destino energético
[1]”.

Dena den, Europako Batzordeak badu eskumena ingurugiroan, eta gai honen inguruan Europako Ingurugiro Agentziak egiten duen lanaren biatartez energiaren inguruko zenbait direktiba aplikatu ahal izan ditu (energiak isurtzen du EBren karbono dioxidoaren %80a), besteak beste 2006/67/CE (Estatu kideak gutxienez 90 eguneko bataz besteko kontsumo erreserbak edukitzera behartzen dira), 2001/77/CE (energia berriztagarrien bitartezko elektrizitate ekoizpenari buruzkoa), 2002/91/CE (eraikinen energia aurrezpenari buruzkoa) eta 2003/30 direktibak (bioerregaien erabilera sustatzen duena). Gogoratu beharra dago, aitzitik, erabaki hauen aplikazioak lurralde europarrean duela soilik balioa, beraz politika hauek ez direla globalak, erregionalak baizik.

KYOTOKO PROTOKOLOA ETA KOPENHAGEKO KONFERENTZIA.

Kyotoko protokoloak garrantzia du, zeharka bada ere, energia horniketan. Lehenik eta behin, garrantzia du ingurugiroaren mesedetan ia munduko Estatu guztiak ados jarri zirelako eta bereziki erabaki lotesleak hartu zituztelako. Munduko herri industrializatuenen helburua, bultzatutako protokolo honen bitartez, berotegi efektua eragiten duten gas ekoizpena 2012 urterako %5ean gutxitzea bazen ere, horrek eragina izan du energia iturri ezberdinak erabiltzerako orduan, iturri tradizionalek berriek baino kutsadura gehiago sortzen dutelako.
Protokoloa 2004ean sartu zen indarrean. 1997an Kyoton adostu zen, Nazio Batuen Aldaketa Klimatikorako Konbentzio Esparruaren barnean. Indarrean sartzeko, berotegi efektua sortzen duten gasen %55aren erantzule diren herriek sinatu behar zuten protokoloa, eta hori 2004an gertatu zen, Errusiaren sinadurarekin batera. AEBk sinatu egin zuen akordioa, baina ez zuen berretsi eta azkenean 2001ean Bushen legealdian zehar protokolotik erretiratzea erabaki zuen, interes nazionalak zirela medio.
Kyotoko protokoloak 2012an du bere amaiera, eta akordio honen helburuak eraldatzeko asmoz ospatuko da Kopenhagen, 2009ko abenduaren 7 eta 18a artean, Aldaketa Klimatikoari buruzko XV. Nazioarteko Konferentzia. Helburu nagusia akordio juridiko bat lortzea izango da gas emisioen inguruan, eta, nobedade gisa, AEBak bertan egongo direla iragarri zuen Obama presidenteak. Kopenhageko balizko akordio horretan gas kutsagarrien emisioa zenbat eta energia alternatiben eztabaidarekin gehiago lotu, orduan eta garrantzitsuagoa izango da protokolo berri hau etorkizuneko eredu energetiko berri baten sorreran.


[1] Europako Batzordea(2001): Libro Verde. Hacia una estrategia europea de seguridad del abastecimiento energético.p