2011-05-18

ILEGALIZAZIOAREN AJEAK: 9 URTEKO LEGEZ KANPORATZEAREN ONDORIOAK

Ezker abertzalea 2002an utzi zuten legez kanpo, Espainiako Alderdi Politikoen Legea indarrean sartzearekin batera. Ia hamar urte igaro dira, eta hamarkada batean zeharo eraldatu da Euskal Herriko panorama politikoa. Izan ere, ezker abertzalearen alderdi politikoa jokoz kanpo uzteak eragin zuzena izan du gatazka armatuaren trataeran, gainontzeko alderdi politikoen estrategietan, eta baita kudeaketa publikoaren arloan ere, erakundeetako indar korrelazioak itxuraldatu dituen neurrian.

Ilegalizazioa ez da soilik Espainiako defizit demokratikoaren adierazle bat izan; gehiago ere izan da. Nolabait, cleavage edo haustura lerro batean bihurtu da, Alderdien Legearen aldekoak eta kontrakoak banatuz. Bestalde, ilegalizazioak gainontzeko alderdien mugimenduetan eragina izan du.

2002an Batasuna legez kanpo utzi zutenetik, hauek izan dira, gutxi gora behera, ezker abertzaleak udal eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako emaitzak:


Ezker abertzalearen boto kopuruaren gora beherak ulertzeko, taulatik gako batzuk nabarmentzea komeni da:

* 2003. Herri batzuetan aurkezteko aukera izan zuen. Ilegalizazioaren ondorengo lehenengo hauteskundeak izaki, erantzun oldarkorra egon zen.

* 2005. Beste zerrenda batzuk legez kanporatu bazituzten ere, azkenean EHAKk aurkezteko aukera izan zuen Eusko Legebiltzarrerako bozetara.

* 2007. Su eten garaia. Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenden erdia onartu zituzten Espainiako auzitegiek.

* 2009. ETAk 2007ko hauteskundeak igaro eta astebetera hautsi zuen menia. Ezker abertzale historikoa hauteskunde horietatik erabat kanpo geratu zen.

Badirudi legez kanporatzeak izan baduela eragina ezker abertzaleak jasotako boto kopuruan, baina ez dela aldagai garrantzitsuena. Izan ere, zailtasun gehiago izan zituen EAEk 2007an EHAKk 2005ean baino, eta hala ere, hobeak izan ziren EAEren emaitzak. Alta, badaude datu adierazle batzuk, legalizazioaren ondorioek duten neurria erakusten digutenak: 2009an, sei urtez hauteskundeetan aurkezteko zailtasunak izan eta gero, ezker abertzalea erabat geratu zen legez kanpo; bi urte lehenagoko emaitzak erdira jaitsi ziren. Agian, ilegalizazioaren aroak ez du nahikoa iraun, fidagarritasun nahikoarekin behatzeko zenbaterainoko eragina izan duen ezker abertzalearen boto galeran eta boto baliagarriaren erabileran. Hots, ezker abertzalearen barnean ETAren borroka armatuak duen legitimazioaren galeran.

Legez kanporatzearen aurreko datuak ematen dituen heinean, argiagoa dirudi ETAren jardunak ilegalizazioak berak baino eragin zuzenagoa izan duela ezker abertzalearen babesaren gorabeheretan. Azken 15 urteotan, ETAk su etena eman duen epeetan izan ditu ezker abertzaleak emaitza hobeak. 1998an, Lizarrako akordioaren garaian eta ETA su etenean zegoela, inoiz baino emaitza hobeak lortu zituen ezker abertzaleak. 2001eko bozetan, ordea, Eusko Legebiltzarrean 14 eserleku izatetik soilik 7 izatera igaro zen. 2007an, su etenean zegoen ETA maiatzeko hauteskundeetan, eta ia 200.000 botora iritsi zen. Ekainean hautsi zuen menia ETAk, eta 2009ko hauteskundeetan beherakada oso nabarmena jasan zuen ezker abertzaleak; beste behin, erdira. Halabeharrez, egoera horrek ezker abertzalea eztabaida sakon batera eraman zuen: legalizazioa behar beharrezkoa da kapital soziala ez bada galdu nahi, baina horrek derrigorrez borroka armatuaren amaiera eskatzen du.

Aukera paregabea zabaldu zitzaien ezker abertzalearen masa sozialaren ozeanoan arrantza egin nahi izan zuten Aralarri eta EAri. Unai Ziarretaren zuzendaritzapean, EAJren gerizpetik ihes egiteko apustu politikoa egin zuen EAk 2009ko hauteskundeetarako. Apustu horrek ezkerrera bira egitea eskatzen zuen alabeharrez. Eusko Legebiltzarrerako bozetan, apustua ezin okerrago atera zitzaion EAri, baina urrats hori egin ez balu, ziur aski gaur egun ez luke izango ezker abertzalearen birsozializazio politikoan izan duen garrantzia. Beraz, ezker abertzalerantz EAk duela hiru urte inguru abiatutako gerturatzea gakoa izan daiteke ezker abertzaleak bide demokratikoen alde eginiko apustua sendotzeko, komunitate politikoan barneratzen laguntzeko, eta legalitatera itzultzen laguntzeko.

Aralarren abiapuntua bestelakoa zen 2009an. Ezker abertzalearen esparru ideologikotik irten gabe, ezker abertzalearen alternatiba izatea zen (eta da) Aralarren xedea. Jatorri hori da ezker abertzaleko boto emaile natural batentzat Aralar EA baino alternatiba naturalagoa izatea; ezker abertzalearen alternatiba “beste” ezker abertzale bat da, eta ez EAJtik sortutako alderdi sozialdemokrata. Aralarrek lau eserleku lortu zituen 2009an; EAk, aldiz, bat. Aralarrek ia hamarkada oso bat igaro zuen, ezker abertzale tradizionaletik banatu zenetik, emaitza diskretuak jasoaz. 2009an, ordea, 62.000 botora iritsi zen, 2005ean (EHAK legezkoa zenean) izandako emaitzen bikoitza baino gehiago (28.000) lortuz.

Aralarren igoera horrek garrantzia nabarmena du ezker abertzale tradizionalak hauteskunde horien ostean egin zuen barne eztabaidan. 2009ko emaitzek azaleratu zuten Aralar alternatiba gisa sendotu zitekeela ezker abertzale historikoaren aurrean, eta bat-bateko igoera horrek planteatu arazi zion ezker abertzale historikoari ETAren jarduerak bere babes sozialean zuen eragin kaltegarria.

Bestalde, boto kopuru garrantzitsu bat jasotzen duen korronte politiko bat lehia politikotik kanpo uzteak eragin zuzena du parlamentuen indar korrelazioan, horietatik eratortzen diren gobernuen eraketan, eta beraz, kudeaketa publikoan. Eusko Legebiltzarrerako azken bozei erreparatzea besterik ez dugu:

2009ko hauteskundeetan ezker abertzalea legezkoa izan balitz, eta D’Hont formula aplikatuz gero, sei edo zazpi eserleku erdietsiko zituzkeen. PPk eta PSE-EEk eskuratutako eserlekuak ez lirateke Eusko Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko beharrezkoak diren 38 eserlekuetara ailegatuko (34 eserleku guztira), eta, ziur aski (hau jada politika fikzioa baita), gaur egun PSE-EE ez legoke gobernuan (ez, behintzat, Lehendakaritzan).

Lopezek zuzendutako gobernuak abiatutako politiken zerrenda bat egin liteke, ezker abertzalearen balizko sei eserlekuen garrantziaz jabetzeko. Baina aurrera begiratuz gero, are adierazgarriagoa izan daiteke Bilduren parte hartzearen eragina. Aurreikuspenek diote Gipuzkoan emaitza oso onak izan ditzakeela Bilduk, lehenengo indarra ere izateraino irits daitekeela. Makroproiektu ugari daude jokoan herrialde horretan (Pasaiako kanpoko kaia, Zubietako errauste planta, Hondarribiko aireportuaren luzapena), eta jakina da ezker abertzaleak proiektu horien aurrean duen aurkako jarrera. PSE-EEk eta EAJk zerrenda bozkatuena errespetatu eta, Bilduk irabaziz gero, koalizioaren esku utziko balu Aldundia, proiektu “estrategiko” horiek kolokan leudeke. Bestalde, Bilduk irabazi eta PSE-EEk eta EAJk gobernu akordioa egiten badute, egoera zaila izango luke kudeatzeko EAJk bereziki, legitimazio hutsune galanta nabarituko bailuke. Baina Bilduk lehen indarra ez bada ere, orain artekoa baina oposizio gogorragoa izango dute –kuantitatiboki, behinik behin- proiektu horien aldekoek.

Aurreikuspenak betetzen badira, Bilduk oso emaitza onak izango ditu maiatzaren 22an. Horrek argi erakusten du, ilegalizazioak ilegalizazio, ezker abertzalearen kapital politikoak hor jarraitzen duela, eta legalizazioarekin eta ETAren indarkeriaren amaierarekin, kapital hori ahal bezain beste aktibatzea besterik ez zaiola falta.