2009-01-30

DEMOKRATAK ETA BIOLENTOAK


Iturria: www.basqueliterature.com

Joxe Azurmendik abertzaletasunaren, demokraziaren, indarkeriaren, legitimotasunaren eta abarren, eta kontzeptu hauen arteko harremanen inguruko gogoeta sakon eta argudiatua egiten digu, bai era orokorrean eta baita Euskal Herriko kasura aplikatuz ere. Liburuaren izenburutik abiatuz, Azurmendik gaur egun gure gizarteak bizi duen (nahiz eta liburua duela hamabi urte idatzia izan zen, ez du gaurkotasunik galdu) demokrata edo biolento arteko dikotomia aztertzen du, bakoitzaren argudioak, sinesmenak eta beste zenbait faktore azaleratuz.


Galdera batetik abiatzen da idazlea: zer gara lehenago, demokrata ala abertzale? Jon Mirande idazlearen teoriak ikertzearen bidez, Azurmendik demokrata eta abertzale, biak aldi berean izatea ezinezkoa dela arrazoituko digu. Galdera beraren eredu praktiko bat jartzen digu egileak, gure burua argiago finkatu dezagun: gobernu espainiarra eta ETAren arteko negoziaketa prozesu baten aurrean, zer nahiago genuke, gobernu espainiarrak ETAri eta ondorioz aldarrikapen abertzaleei zenbait kontzesio egitea (zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto), ala kontzesio bat bera ez egin eta asko jota ere presoen egoera negoziatzea, erakunde armatua lotsagarri utziz? Mirandetik abiatuz gero, eta kontuan hartuz hau faxista omen zela, galdera birformulatzen du Azurmendik: demokrata baino lehenago abertzale izatea, faxista izatea ote da?


Mirandek euskaldunaren profil ezberdina eraikitzen digu, euskal izaerari buruzko zenbait mito deseginez. Lehena, kristautasunaren ingurukoa. “Euskaldun fededun” esaera tradizionalaren eta euskaldunon izaera demokrataren aurka egiten du Jonek. Bere aburuz, elizak eta demokraziak euskaldunak otzandu egin ditu, bildots bihurtu ditu, jatorrizko basa – euskaldun garbiaren lekuan eliza – euskaldun demokrata bihurtuz. Euskaldunak ez gara demokratak izpiritu demokratikoa ez delako borrokarako izpiritua. Miranderen bigarren ukazioa demokraziaren, edo kasu honetan, Frantziar demokraziaren ukazioan oinarritzen da, argudio historikoak hartuz. Euskaldunek gogotik lagundu zieten frantsesei alemaniarren aurkako gudan (“Mort pour la Patrie” abestiak gertura gaitzake errealitate honetara), baina ordainetan frantsesek ez diete batere lagundu euskal abertzaleei euren proiektu politikoa gauzatzen. Ez demokrazia frantziarrak ezta espainiarrak, askatasun eredu horiek, ez dute euskal abertzaletasunaren askatasun eskubiderik onartu edo aitortu. Honekin guztiarekin lotuz, bi puntu ondorioztatzen dira: euskalduna ez dela demokrata, bere nortasun zaharra mugimendu abertzalearen bitartez berreskuratzeko asmoa badu ez duelako demokrata izan behar, eta 2, demokraziak euskaldunon dekadentzia, hondamendia dakarrela. Honen guztiaren aurka Miranderen proposamena borroka da, bere zilegitasunari buruz gogoeta eginez.

Demokrazian morala ote den biolentziaren erabilera galdetzen zaigu. Erantzun gisa, ematen diren bi argudio aipatuko ditut: lehena, ez dela jaio sistemarik bere aurkako biolentzia moral edo legitimotzat jotzen duenik. Bigarrena, biolentziaren erabileraz lortu dugula gaur egungo demokrazia. Beste alde batetik, demokrazia eta biolentziaren auzia modernitatea eta iraultzarekin nahasten da, iraultza modernitatearen ekarkintzat joz eta alderantziz.

Ildo bera jarraituz, Mirandek biolentziaren aldeko zein kontrako jarreretan sinesmen eta arrazoiketa bat ikusten du, sarritan berdina dena bi kasuetan: sisteman sinesmena (biolentzia arbuiatzen duenak sisteman sinisten du, indarkeria defendatzen duenak ordea ez du bere gizarte kontzeptua demokraziaren bidez lortzeko aukerarik ikusten). Aipatzen den beste eztabaidagai bat biolentziaren momentuko zilegitasuna da, iraganean faxista ziren ugari gaur demokratatzat baititugu, gaur egun biolentzia errefusatzen dutelako. Biolentzia kondenatzen dutenen artean, tendentzia demokrazia arrazionaltasunarekin nahastea da, biolentzia justifikatzen dutenen artean bi joera aurkitu ditzakegularik: bata, indarkeria irtenbide bakartzat duena; bestea, indarkeria balio moraltzat duena.

Mirandek moraletik urrundutako teoriak ere formulatzen ditu gai honen inguruan. Bere ustez, demokrazia ez da beste edozein sistema politiko baino hobea, ez moralagoa, beraz biolentzia ez da arbuiagarriagoa demokrazian monarkian edo totalitarismoan baino. Euskaldunon askatasunik ez badugu demokraziaren bitartez lortuko, eta moralaren eztabaida faltsua baldin bada, biolentzia ez da soilik legitimoa, obligazio morala ere badela esango digu Jonek.

Azurmendiren hurrengo gogoetak demokraziaren kritikan datza. Demokrazia sistema arrazionala bada, bere aurka egotea hautu onargarria izan behar da, bestela demokrazia mistiko bihurtzen baita, ez arrazionala. Bestalde, Nietzschek bi moral bereizten ditu: izpiritu indartsuak, bortitzak; eta izpiritu goibelak, demokratikoak; demokrazia gainbehera dakarren sistema da, gora doazen herrien artean demokraziarik ez dagoen bitartean. Demokraziaren beste printzipio bat litzateke boto kopuruarena; boto gehiago edukitzeak arrazoiaren jabetza ematen duela pentsatzea gezurra da. Honen adibide da, hau egia balitz, erratuak egongo liratekeela Nazareteko Jesus, Sokrates ala Karl Marx, Hitlerrek arrazoia izango lukeen bitartean.

Amaitzeko, Azurmendik demokraziaren abiapuntu “demokratikoari” buruzko gogoeta aipatuko dut. Demokrazia konstituzioan oinarritzen bada, konstituzioa idazteko garaian, nork eta zergatik erabaki zuen halako ala bestelako testua idaztea, bozketa sistema etab.? Zein da konstituzioaren aurretiko eta goragoko ahalmen hori? Honen barnean aurkitzen dugun beste eztabaida, demokraziak, gehiengoan oinarritzean, gutxiengoarengan suposatzen duen “tirania kamuflatua” (Rousseau) da.


Joxe Azurmendi, Demokratak eta biolentoak. Elkar, 1997.