2009-07-30

ENERGIA HORNIKETA ETA SEGURTASUN ENERGETIKOA (II)

1.2. HORNIKETA ARAZOAK: HERRI ESPORTATZAILEEKIKO MENPETASUNA.

Energia hornitzeko aurkitzen dugun beste arazoa baliabideen jabetzarena eta, ondorioz, esportazioarena dugu. Herrialde asko dira munduan nahikoa baliabide ez dituztenak barne horniketa bermatzeko, kanpotik ekarritako energia iturrien menpe geratuz. Herri esportatzaileen papera oso garrantzitsua bihurtzen da, bi norabidetan: botere posizio horrek eragin ekonomikoak ditu, prezioetan eragiteko bereziki. Erosleek prezio igoerak jasan behar izaten dituzte normalean, OPEP bezalako erakunde batek, Cartel izaera duen heinean, petrolio esportatzaileen interesak koordinatzen dituelako, euren arteko konpetentzia ezabatuz eta prezio unitarioak erabakiz (munduko petrolio ekoizpenaren %43 Petrolio Esportatzaile diren Herrien Erakundearen esku dago, beraz bere boterea nabarmena da. Botere honen adibide historiko garbia 1973ko petrolioaren krisian aurkitu dezakegu). Bestetik, energia iturrien jabeen garrantziak eragin geopolitikoak ere baditu, hornitzaile eta erosle diren herrien arteko harremanak baldintza ditzakeelako.


Europako Batzordeko Liburu Berdearen adibideekin jarraituz, segidan dugun grafikak Europar Batasunaren petrolio kontsumoa, ekoizpena eta inportazioak ageri zaizkigu. Ekoizpen eta kontsumoaren artean dagoen diferentzia hain handia izanik eta, ondorioz, hainbeste energia inportatu behar izanik eskari kopuru hori asetzeko, grafiko honek lehen aipatutako energia esportatzaileen garrantzia azpimarratu egiten du.



EUROPAKO 2009 HASIERAKO GASAREN KRISIA.

Errusiak eta Ukrainak 2009 hasieran izandako eztabaidak eta honek Europar Batasunari suposatutako kalte larriak aipamen bat merezi du, energia horniketa ezak ekar dezakeen kaos egoera eta energia inportatzaileek esportatzaileekiko duten dependentzia azaleratu zuelako. Krisi honetan, Errusiak Europara saltzen duen gasa moztu zuen, soilik Ukrainatik igarotzen diren hodien bidez, hauek Europara bideratzen den gasa lapurtzeaz salatuz. Errusiak Europara saldutako gasaren %80 Ukrainatik pasatzen da, beste %20a Moskuko politiketatik gertuago agertzen den Bielorrusiatik igarotzen den bitartean. Iritzi kontrajarriak ditugu krisi honetan: Carlos Taibo irakaslearen arabera, Ukraina kokapen geografiko horretaz baliatzen da Europara doan gasaren zati bat doan bereganatzeko; beste alde batetik, J. I. Torreblanca Kanpo Harremanetako Kontseilu Europarraren zuzendariak Europar Batasunaren boterea aldarrikatzen du, energia erosten duenak ere boterea baitu saltzailearengan
[1]. Batzuek, logikoa deritzote Errusiaren erabakia; beste batzuek ordea, Errusiak Soviet Batasuneko herri ohiekiko influentzia mantentzeko saiakera ikusten dute erabaki honetan. Interpretazioak interpretazio, krisiak heriotzak eta industria askoren blokeoa ekarri zuen, energia falta arazo larria dela argi utziz.

Politika komunitarioari begiratuz, eztabaida hau kaltegarria suerta dakioke Ukrainari Elkarteko kide izateko asmoei dagokionean, bere fidagarritasuna ezbaian jarri baita. Horniketak herrien arteko harremanak aldatzeko faktore garrantzitsua dela ikus daiteke azken egunetako albisteek zein norabide hartzen dutenaren arabera: EBk Turkiatik igaroko den hodi baten bidez gas horniketa babestuko du, Errusiarekiko menpetasuna saihestuz (Nabucco proiektu honek Azerbaiyanetik ekarriko luke gasa momentuz, etorkizunean Uzbekistan, Kazajistan edota Irak hornitzaile bihurtu daitezkeelarik
[2]), eta Ukrainaren eragina gutxituz. Honek ondorioak izan ditzake bai politika komunitarioan (etorkizuneko zabalkuntzak egiterako orduan) baita kanpo harremanetan ere (Errusiak bere botere kuota mantendu nahiko duelako, bereziki Europa ekialdeko herriekiko). Maiatzean bildu ziren europar eta errusiar ordezkariak gasaren eztabaidari amaiera emateko asmoz, baina ez zuten emaitzarik lortu[3].


Harreman geopolitikoez gain, aitortu beharra dago erabaki honek estatu hornitzaileen dibertsifikazioa dakarrela, horniketa bermatzeko irtenbide proposatuenetako bat, alegia.


[1] Informe Semanal: La Guerra del Gas. 17.01.2009. TVE.
[2] www.elpais.com. Turquía y la UE se alían para construir una vía alternativa al gas ruso.14.07.2009.
[3] El País. La UE y Rusia no alcanzan un pacto sobre el gas. 23.05.2009.

No hay comentarios: