2009-12-08

NAZIONALISMO ETNIKO ETA HEGEMONIKOAK JUGOSLAVIAN

1. SARRERA

Jugoslaviak Europan berriz pentsaezina zen guda gogorra bizi izan zuen 90. hamarkadan zehar. Hegoaldeko eslaviarren federazioak bizikidetza “baketsua” lortu zuen etnia, erlijio, hizkuntza, errepublika eta probintzien artean, baina urte gutxiren buruan nazioarteko mapatik desagertu egin zen sarritan laborategi politikotzat hartu izan den hau, ez soilik gorroto, beldur eta nazionalismo lokalentzat (bereziki serbiar eta kroaziarrentzat) oso erabilgarri izan ziren zenbait faktoreri esker, baita nazioarteko eragileek jokatutako paper kaxkarragatik ere.

Agian Jugoslavian eta beste esperientzia historiko bortitz batzuetan oinarrituz, nazionalismoari orokorrean eta bere bertsio etnikoari zehazki erasotzaile edo baztertzaile bezalako adjektiboak atxiki zaizkio zenbait sektoreetatik, iritzi publikoaren aurrean nazionalismoa arriskutsutzat agerraraziz. Sarritan horrelako erasoak jarrera negazionista edo kontranazionalistetatik datozen arren, beste askotan estrategia nazionalista hegemoniko baten parte ere izan daitezke, Espainiaren kasuan erraz asko ikus daitekeen bezalaxe: nazionalismo periferikoak esklusibotzat jotzen dira, nazionalismo espainiarrari nazionalismo ere deitzen ez zaion bitartean.

Ikerketa honen bitartez, nazionalismoaren inguruko hausnarketa bat egiteaz gain, bere ustezko izaera arriskutsu horren argudioa desegiten saiatuko naiz, Ulises Moulinesek bere Manifestu Nazionalistan ondorioztatutakoan oinarrituz eta berarekin bat etorriz: ezin dira berdintzat hartu abertzaletasuna eta hegemonismoa edo inperialismoa. Jarrera hegemonikoak dira benetan arriskutsuak eta, nahiz eta jarrera horiek ia beti ikuspuntu abertzaletik abiatu, horrek ez du abertzaletasuna bera erasotzaile bihurtzen. Horren adibide argiena dugu Jugoslaviako nazio ezberdinen arteko bizikidetza “baketsua” lau hamarkadetan zehar, ikuspuntu hegemonikoak boterera iristean guda odoltsuekin amaitu zena.

Jugoslaviako kasuaren azterketa oso baliagarria suerta dakiguke nazionalismo ezberdinen arteko diferentziak ikusi ahal izateko, sistema politiko berrien sorleku izateaz gain, nazionalismo politiko, etniko, hegemoniko, zentrifugo eta abarren eszenatoki ere izan zelako, politikoki azterketarako oso kasu interesgarrian bilakatuz, gaiaren inguruan idatzi diren lan anitzek erakusten duten bezalaxe.

2 comentarios:

Anónimo dijo...

Gustu handiz jarraituko dut azterketa.

Azken aldian nazio ez diren estatuek interesa piztu didate niri, hau da, hizkuntza/kultur amankomun bat partekatu baino, beste kontzeptu batetik sortu diren herrialdeak. Batzuk egonkorrak (suitza, adb), beste batzuk etengabeko malabarismo politikoan dabiltzanak (belgika). Azken finean, nazio-estatuak homogeinizazio kultural baten ondorio dira (ia?)beti, eta aitortu beharko dugu, askok aldarrikatzen duten ZazpiakBat ere UnaGrandeYLibretik gertu dagoela ikuspuntu horretatik. Kultura/hizkuntza/historiatik haratago, zertan oinarritu daiteke identitatea?

eta amaitzeko Bruselan nengoela irakurri nuen aipu bat, uste det frantsesez badakizula, ez badakizu itzuliko dizut (bihar-edo;):

La division même du territoire habitable en nations politiquement définis est purement empirique. Elle est historiquement explicable : elle ne l’est pas organiquement, car la ligne tracée sur la carte et sur le sol qui constitue une frontière résulte d’une suite d’accidents consacrés par des traités. Dans bien des cas, cette ligne fermée est bizarrement dessinée ; elle sépare des contrées qui se ressemblent, elle en réunit qui diffèrent grandement ; et elle introduit dans las relations humaines des difficultés et des complications dont la guerre qui résulte n’est jamais une solution, mais au contraire un nouvel ensemencement.

VALÉRY, Regards sur le monde actuel, 1931

olano dijo...

Ongi etorri Ander, esango nuke blogaren komentarioen inaugurazioa egin duzula.

Egia esan formula bakarretan sinistea ia ezinezkoa da gai honetan, zuk jarritako adibideetan bezala batzuentzat oso baliagarria izan daitekeena besteentzat ezegonkortasun konstantea izan daitekelako.

Diozun bezela, nazio-estatuak ia beti homogeneizazio kulturalaren eskutik datoz, baino kultura aniztasuna duten nazioak ere aurkitu ditzakegu: naziotzat zer ulertzen dugun arabera; Nazioa = kultura / hizkuntza / etnia / historia, ala nazioa = herritarren borondatea.