2009-12-10

NAZIONALISMO ETNIKO ETA HEGEMONIKOAK JUGOSLAVIAN (II)

Gaiaren inguruan dagoen eztabaida sakonak erakusten duenez, zaila dirudi nazionalismoaren definizio bateratu bat egitea. Argi dirudiena da, ordea, nazionalismoa definitu ahal izateko, argi izan behar dugula lehenago zer den nazioa.

Ernest Gellner-ek bi elementuren bitartez definitzen du Nazioa:
1. Bi pertsona nazio berekoak dira soilik kultura berdina konpartitzen badute, kulturatzat ideia, zeinu, elkartze, komunikazio eta jarrera sistema komun bat ulertuz.
2. Bi pertsona nazio berekoak dira nazio berekotzat badute euren burua.

Gellner-ek, beraz, borondatea eta kultura erabiltzen ditu nazioaren elementu definitzaile gisa, bi nazio mota historikoak alegia: nazio politikoa, gizabanakoen borondatean oinarritua, eta nazio erromantikoa, izate metafisikoa, kultura komun batean oinarritua. Dena den, Gellner-en arabera, bi elementu definitzaile horiek ez dira nahikoa nazioa definitu ahal izateko. Azkenik, autoreak nazionalismoak nazioa sortzen duela ondorioztatzen du, inola ez alderantziz[1]. Nazionalismoaren inguruan, batasun politikoa eta batasun nazionalak bat etorri behar dutela defendatzen duen printzipio politikotzat definitzen du. Oinarrizko ideia zera da, herri batek, aurretik kultura, erlijio eta hizkuntza unitate gisa definitu denak, bere buruari forma politiko propioa emateko eskubidea duela[2].

Ulises Moulinesek ere nazioa eta nazionalismoari buruz hausnarketa bat egiten du. Alde batetik, nazioa bere buruaz kontzientzia politikoa hartu duen etnia izango litzateke, nazionalismoa politikoki kontzientea den etniaren programa politikoa delarik. Bestetik, bere aburuz “nazionalismoaren sustrai psikologikoa emozio gogor eta iraunkor bat da, hainbat gizakik bizi dutena, aspalditik “aberriarekiko maitasuna” bezala ezagutzen dena”. Emozio hau naturala eta ekidin ezina da. Jasotzen dituen beste definizio batzuekin partzialki ados dagoen arren
[3], ez ditu definizio osotzat hartzen[4].

Beste alde batetik, Eric Hobsbawm-ek, Gellner-i jarraituz, borondatea aipatzen du beste behin nazioa definitzeko: “cualquier conjunto de personas suficientemente grandes cuyos integrantes se consideren a sí mismos como miembros de una “nación””
[5]. Nazioa garai zehatz bateko fenomenoa da, historikoki nahiko berria gainera. Nazionalismoa nazioaren aurretik doa. Nazioek ez dituzte nazionalismoak eta Estatuak sortzen, alderantziz gertatzen da.

Ikus daitekeen bezala, nazioa eta nazionalismoaren definizioaz gain, beste eztabaida bat sortzen da hauen inguruan: nazionalismoek nazioak sortzen al dituzte (Gellner / Hobsbawm, ala nazioaren emaitza da nazionalismoa? (alegia, nazioaren programa politikoa – Moulines). Ziur aski, bi aldaerak dira baliagarriak. Gellner eta Hobsbawm-ek diotenaren harira, nazionalismoek nazioa sortzen dutela uler daiteke nazioa talde baten kontzientzia politikoaren eskuraketa gisa ikusten badugu. Nazionalismoak kontzientzia kolektibo nazionala pizten du.

Beste alde batetik, alderantzizko bidea ematen ez dela esatea gehiegizkoa litzateke. Zenbait kasutan, adierazpen nazionalistak nazio baten existentziaren erakusle dira eta, Gellner eta Hobsbawm-ek esaten dutenaren kontra, nazioek Estatua sor dezakete. Errepublika jugoslaviarren kasuan, argi ikus daiteke nazioek Estatu subiranoak konkistatu zituztela.

Gellner-ek dioen bezala, Estaturik ez dagoenean, ez da nazionalismo arazorik agertzen[6], baino Estatuek sarritan sortzen dituzten nazio eta nazionalismoak ez dira soilik Estatuaren mugekin bat egiten dutenak, Estatu barneko nazionalismo lokalak baizik. Jugoslaviako federazioak lan handia egin zuen Jugoslaviaren nazio eraikuntzan, baino federazioaren desintegrazioa errepublika ezberdinen nazionalismoaren eskutik etorri zen.


[1] Gellner, Ernest (1983): “Nations and Nationalism”. Ithaca, Cornell Univ. Press.
[2] Taylor, Charles (1997): “Nacionalismo y modernidad”, en McKim, Robert / McMahan, Jeff: “The morality of Nationalism”, Oxford University Press.
[3] “Nazioaren ezaugarria ez da Estatua izatea, Estatu bat nahi izatea baizik”, Mill, J. S. (1958): Considerations on Representative Government, New York, Liberal Arts. Moulinesen arabera, definizio hau ez da zehatza, nazio batek bere biziraupena ziurtatzeko, nahikoa izan dezakeelako autonomia batekin, Estaturik nahi izan gabe.
[4] Moulines, Ulises (2002): “Manifiesto Nacionalista (o hasta separatista, si me apuran)”. Edicions La Campana.
[5] Hobsbawm, Eric (1990): “Nations and nationalism since 1780”. Cambridge, Cambridge University Press, 17. or.[6] Gellner, Ernest (1983): “Nations and Nationalism”. Ithaca, Cornell Univ. Press, 73. or.

No hay comentarios: