2009-12-28

NAZIONALISMO ETNIKO ETA HEGEMONIKOAK JUGOSLAVIAN (III)

NAZIONALISMO MOTAK

Nazionalismoaren adierazpen ezberdinen artean, historikoki bi abertzaletasun mota azpimarratu dira. Nazionalismo politikoa edo liberala, Frantziako Iraultza liberalean oinarritua, eta nazionalismo etniko edo erromantikoa, geografikoki germaniarra.

Avishai Margalit-en arabera, nazionalismo politikoaren ideia nagusia nazio baten adierazpen gorena bere borondate politiko subiranoa dela da. Gizabanakoek nazioan parte hartzen dute Nazio – Estatuaren hiritar izanez. Kontzeptu honen arabera, Estatuaren ordenak obeditzea nazio baten partaide izatearen adierazpen gorena da. Bestetik, nazionalismo kulturalak nazioa entitate organiko gisa ikusten du, bere adierazpen gorena kultura nazionala delarik (bereziki hizkuntza nazionala). Abertzaletasun mota honentzat, politika ez da nazioaren oinarrizko adierazpena, adierazpen kulturala ziurtatzeko tresna baizik. Politika, honen arabera, tresna da, ez helburua. Kultura, borondate politikoaren adierazpena baino gehiago, nazio identitatearen oinarria da
[1].

Nazio politikoa Frantziako Iraultzaren ondorio zuzena izan zen. Ernest Renan edo Sieyés izan ziren nazioa ulertzeko modu honen adierazle nagusiak, Renanek “eguneroko plebiszitu” gisa definitu zuelarik, “elkarbizitzaren borondatearen” erakusle. Nazioaren ikuspegi erromantikoa nazio liberalaren erantzun gisa sortu zen, alde batetik, Frantziako Iraultza armen bidez Europa osora zabaldu nahi izan zelako eta, bestetik, iraultza liberalaren oinarri ideologiko ilustratuaren aurrean tradizioa eta historiaren balioa defenditzen zituelako.

Johann Gottfried Herder eta Johann Gottlieb Fichte izan ziren nazio erromantikoaren bultzatzaile nagusiak. Fichtek, bere lan nagusiaren bitartez (Discursos a la nación alemana, 1807), hizkuntzaren balioan sakondu zuen, eta abertzaletasun erromantikoaren definizioan aurrerapauso garrantzitsu bat suposatu zuen
[2]. Herder-ek bestetik, pertenentzia ideia sortu zuen. Jan eta edan, segurtasuna eta mugimendu askatasuna izan behar duten bezalaxe, gizabanakoek talde baten partaide izan behar dute. Talde bakoitzak bere Volksgeist propioa du, herri izpiritu propioa alegia[3]. Herder-ekin jarraituz, Isaiah Berlinek argitzen du Herder-ek zuen nazio ideia ez zela batere erasokorra. Nahi zuen bakarra autodeterminazio kulturala zen; kultura nazional anitzetan sinesten zuen, euren artean modu baketsuan bizi zitezkeenak[4].

Azken aipamen honek nazionalismoaren beste dikotomia batera garamatza: abertzaletasunaren ekintza mota bortitza edo baketsua. Ikusi dugun bezala, nazionalismo erromantikoa, askorentzat izatez arriskutsua dena, baketsua eta bizikidetzaren aldekoa da sortzez. Faxismoa nazionalismo etnikotzat jotzen da, abertzaletasun aldaera hau sarritan bortizkeriari lotuz.
Iturria: SM argitaletxea


[1] Margalit, Avishai (1997): “La psicología moral del nacionalismo”, en McKim, Robert / McMahan, Jeff: The morality of Nationalism, Oxford University Press.
[2] De Blas Guerrero, Andrés (1994): “Nacionalismos y naciones en Europa”. Alianza Universidad, Madril.
[3] Berlin, Isaiah (1997): “Nacionalisme”. Tandem Arguments, Bartzelona, 63 or.
[4] Berlin, Isaiah (1997): “Nacionalisme”. Tandem Arguments, Bartzelona, 64 or.

2 comentarios:

Anónimo dijo...

Badirudi ere, nazio politikoak direla lau haizeetara zabaltzen duten horiek (Frantzia kasu) nazio erromantiko-kulturalaren bandora pasa direla, Frantziaren hizkuntza-politika eta azken asteotako lege egitasmoek (nortasunaren legea delakoa) aditzera ematen duten bezela, ez?

Zein da, gaur egun, nazio politiko baten adibidea? Suitza? Ameriketako herrialdeak?

olano dijo...

Nik ere Suitza aipatuko nuke edo, exititu zen bitartean, Jugoslavia bera. Azken finean errepubliken borondateak erabakitzen zuen federazioa osatzea. Dena den, borondate hori noiztik legitimatzen den ere oso eztabaidagarria da: duela bost mende hitzartu zena gaur egun gizabanakoen borondatetzat jo daiteke?

Eta bestetik, nazio politikoaz hitz egitea oso "politikoki korrektoa" dela esango nuke. Badirudi nazio politikoarekin kontzeptu identitarioak baztertzen direla eta, beraz, etnikoa baino askoz irekiagoa dela. Azken finean, erabili egiten dute askok termino hau, euren burua nazionalistatzat ez jotzeko edo. Frantziarena oso adibide ona iruditzen zait: historikoki hiritarra da euren nazioaren ardatza, baino euren politikek homogeneizazio kulturala bultzatu dute. Nola uler daiteke Frantzian erre ziren kotxeen garai hura, lehen eta bigarren mailako hiritarrik ez balego?

Eskerrikasko komentarioagatik!