2008-04-08

2008ko hauteskunde orokorrak

Emaitzak

Bazirudien ez zuela inoiz iritsi behar, ekaitz honek ez zuela inoiz pasa behar, baina iritsi eta pasa da. Hauteskundeak pasa dira, eta emaitzak utzi ditu. Askoren onerako, beste askoren kalterako.


Datuei begiratuz, PSOEk irabazi ditu hauteskunde orokorrak, eserleku gehien jaso dituelako eta duela lau urte baino babes handiagoa jaso duelako. PPk, beraz, galdu egin du, nahiz eta eserleku gehiago lortu. Polarizazioa da modan dagoen hitza, PP eta PSOEren bipartidismoak IU eta alderdi abertzale gehienak kaltetu dituelako. Emaitza hauek norberak (eta alderdi bakoitzak) bere erara interpretatzen ditu, hona hemen nere proposamena.

Alderdi Sozialistak hauteskundeak irabazi dituela argi dago, baina oraindik ere, Alderdi Popularra da espainiar sistema politikoaren ardatza. Bere aldekoak dira jasotzen dituen bozkak, eta bere aurkakoak espainiar sozialista izan gabe PSOEra doazen bozkak. Nahiz eta hauteskunde sistema honekin popularrek hauteskundeak galdu, bere mezuak gora egin du Espainia mailan, eta hauteskundeak irabazi ez baditu, espainiar ezker eta alderdi abertzaleetatik PSOEri eman zaion babesagatik izan da gehienbat.

PSOEk gaizki egingo luke jasotako babes guztia propiotzat joz gero, eta popularrek mesede egingo liokete euren alderdiari botoak eskuratzeaz baino haien inguruan dagoen gorrotoa sahiesteaz kezkatuko balira. Badirudi hortan ari direla eta eskuin muturra ezkutatzen hasiak direla (ezkutatu, ez kanporatu). IUk ere hasi ditu barne mugimenduak emaitza penagarri hauen ostean, eta ikusi beharko da PCEk alderdian lortzen duen boterea. Alderdi abertzaleek ere, guztiek, hausnarketa sakona behar dute emaitza hauen ostean. PNV norabidea galduta dabil aspaldi, eta proiektu politiko argirik ez edukitzeak min asko eragiten jarraituko dio horrela jarraituz gero. ERCrena izan da galera handienetako bat, eta hor ere hasi dira mugimenduak. Kritika asko jaso ditu azken urtean PSCrekin hiruko gobernua berritu eta proiektu independentista alde batera uzteagatik. Esquerrak ere bere proiektua birdefinitu beharko du, alderdi abertzale gehienek egiten duten akatsa ez badu errepikatu nahi: zer dator lehenago, ezkerra ala abertzaletasuna?

PPk aspaldi bereganatu zituen eskuineko indarrak, eta prozesu hegemoniko horretan sartu da PSOE. Ea zer eskeini dezaketen alderdi periferkoek, polarizazio honen aurrean euren bidea egiteko.

No hay comentarios: