2008-04-29

DROGEI BURUZKO EZTABAIDA TALDEA

Apirilaren 22ko goizeko 9etan ospatu zen Gizarte eta Komunikazio Zientzietako fakultatean drogei buruzko eztabaida. Partehartzaileak lau izan ziren: Aitor (Bilboko Gotzaina), Iraitz (Marihuanaren aldeko taldeko kidea), Asier (Drogen Aldeko Elkarteko kidea) eta Xabi, drogazale baten amaren paperean. Ikerrek moderatu zuen eztabaida, nahikoa era eraginkorrean. Eztabaida interesgarria izan zen, baina ez zuen ondorio garbirik ateratzeko balio, eztabaida bi iritzi kontrajarrien artekoa izan baitzen. Gotzaina eta ama drogen aurkakoak alde batetik, drogen aldeko elkarteetako kideak bestetik. Erdibidean ez genuen gizarte langilerik, psikologorik edo beste gremiorik aurkitu, ez genuen drogen inguruko informaziorik aurkitu. Informazio faltaz gain, eztabaida betiko topikoetan erori zen, droga gazteekin eta aisiarekin nahastuz, eta beste kontsumo mota batzuk baztertuz.

Hausnarketak:

Lehenago aipatu bezala, bi poloen arteko eztabaida izan zen. Bilboko gotzainaren papera betetzen zuen Aitor drogen kontra zegoen erabat, bekatua delako eta gizartea zein naturaren kontrakoak direlako. Bere ustetan, drogak legez kanpo utzi beharko lirateke, legeen gogortzearen bidez. Bide polizialetik bukatu behar omen da drogarekin bere ustez. Aitorrek ondo bete zuen apaiz atzerakoiaren papera, baina ez da ziurra berak egindako interpretazioa elizak drogen inguruan duen iritziarekin bat datorren. Bere iritziaren ildo beretik Xabik interpretatutako drogazale baten ama zegoen, drogen ilegaltasunaren aldekoa hau ere. Gizarteari kalte besterik egiten ez dion zerbait da droga eta, ondorioz, hauek desagertu egin behar dira, inola ere kontsumoa bultzatu. Albizuk ongi bete zuen ama biktimaren papera.

Lehenengo bien aurrean, Iraitz eta Asier drogen aldeko elkarteetako kideak zeuden. Lehena, marihuanan oinarritutako elkartearen kidea, ez zen drogaren legaltasunari buruz aritu, drogen normaltasunari buruz baizik. Bere iritziz, drogak kutsu soziala du, beraz legaltasuna eskatu ordez, gizarteak drogak normalizatu behar dituela defendatzen du. Drogazaleek gizartean duten irudia aldatu behar da. Norberak kontrolatutako kontsumoa babesten du, bere aburuz drogek ez gaituztelako kaltetzen, guk, kontsumo arduradun baten bidez, uzten ez badiegu. Momentu honetan, faltan bota zen eztabaidan psikologo papera bete lezakeen norbait, drogek dakarten menpekotasunari buruz hitz egiteko. Asier, bestetik, drogen legeztatzearen aldekoa da, ilegaltasunak mafiak soilik aberasten dituelako. Kaltegarriak izan ez daitezen, kontsumo arduradun bat sustatzearen aldekoa da, eta bere taldea informazio lanetan aritzen da.

No hay comentarios: