2008-04-29

36. EUSKO SOZIOMETROA


36. soziometroa

Eusko Jaurlaritzak kaleratutako 36. soziometroan agertutakoak espero genitzakeen datuak konfirmatu dizkigu. 2008ª ezagun da krisi ekonomikoaren urtea izango dela, eta gizartearen kezka hori dela erakusten digu soziometroak. Etxebizitza eta lan merkatua (biak arazo ekonomikoari lotuak) dira gizartean kezka gehien sortzen dituzten arazoak, terrorismoa hirugarren plano batean utziz. Soilik Alderdi Popularretik gertu dauden hiritarrek ematen diote garrantzia gehien terrorismoari, etxebizitza eta lanaren gainetik.


Beste alde batetik, erkidegoaren azken lau urteotako egoeraren irakurketa esanguratsua izan daiteke. Lehenik eta behin, arreta deitzekoa da erantzun errepikatuena (% 41) inkestatuei eman ez zitzaien erantzun posible bat izatea, benetan EAEko egoerak berdin jarraitzen duenaren seinale. Bestetik, Zapateroren lehenengo legegintzaldiaren ondoren, erkidegoko polo ideologikoak dira egoerak hobetu duenaren aukera gutxien babesten dutenak. EAEren eta Estatuaren egoera demokraziaren funtzionamenduan islatzen bada, hor argi eta garbi gelditzen da gehiengo absolutua ez dagoela egoerarekin pozik, ez erkidegoan ezta Estatuan ere. PSEtik gertu dagoen jendeak ezik, beste alderdi guztietako jarraitzaileek uste dute demokraziaren funtzionamendua txarra dela erkidegoan, datu honek estatuan duen isla PPk soilik aldatuz.


Politikarientzat kezkagarria izan beharko lukeen beste datu bat gizarteak politikaz duen interesa da: % 72ak ez du interesik edo oso interes gutxi du politikan, soziometroaren hasieran ematen zaigun gizartearen arazoen inguruko datua konfirmatuz.


Hauteskunde prozesuei begiratuz, soziometroan argi geratzen da beranduago hauteskundeetan emandako emaitza: PSEk goranzko bidean jarraitzen du Madrileko gobernua lortu zuenetik. Dena den, EAJ da oraindik alderdi babestuena erkidegoan, eta lehendakaria politikari baloratuena. Azken hilabeteetan EAJko bi sektore historikoen borroka azaleratu egin da, autonomismoa eta autodeterminazioaren arteko eztabaida azaleratuz. Talka ideologiko hori argi ikusten da EAJko jarraitzaileek inkestan independentziaren inguruan duten jarreran, eta euren proiektuaren definizio falta horrek sortzen die hainbeste kalte elektoral jeltzaleei.

Hierarkizazio eta termometro adibideak:

Hierarkizazioa.

Hauteskunde mota ezberdinen artean (hau da, orokorrak, autonomikoak, udaletakoak eta Europakoak), zeintzuk dira, zuretzat, garrantzitsuenak? (71.or)

Termometroa.

Eta zu oso pozik, nahikoa pozik, ez oso pozik ala ez zaude batere pozik giza eskubideek Euskadin duten errespetuarekin? Eta Espainiako Estatuan dutenarekin? (25.or)

No hay comentarios: