2008-12-01

KOMUNIKABIDEAK ESPAINIAR SISTEMA POLITIKOAN (II)

SISTEMA KOMUNIKATIBOA TRANTSIZIO POLITIKOAREN URTEETAN (1976 – 1982).

Espainiako sistema komunikatiboan trantsizio garaian izandako aldaketak testuinguru baten baitan kokatu behar dira; batetik, Suarez gobernuko presidentearen Erreforma Politikorako Legeak beste hainbat lege erreformista ekarri zituen, horien artean 1.4.1977ko Errege Dekretu Legegilea, zeinek iritzi eta prentsa askatasunak zabaltzen zituen, sistema komunikatibo frankista desegite bidean utziz. Bestetik eta ildo beretik jarraituz, estatuaren monopolio informatiboa desagertu egiten da, medio pribatuei bidea irekiz. Azkenik, honi guztiari 1973 urtean munduak bizi zuen krisi ekonomiko egoera gehitu behar zaio.

Carlos Barrerak “Los medios de comunicación: prensa, radio, televisión” liburuan azaltzen duen bezala, Espainiako komunikazio sistemaren eraldaketak lau ezaugarri nagusi ditu:

1. 1966ko Fraga Legearekin bizitako sasi – adierazpen askatasunaren esperientzia. Nahiz eta ustezko adierazpen askatasun hau testuinguru errepresibo batean sartu behar den, Barrerak uste du lege honek sortu zuen medio ugaritasunak nolabaiteko adierazpen askatasuna izatearen esperientzia sortu zuela.
2. Enpresa informatiboak egoera demokratiko berrira moldatu ziren. Nahiz eta urte haietako medio eta kazetari ugari diktaduran zehar eroso asko bizi, egoera berrira moldatzea erabaki zuten, sistemaren eraldaketa ahalbidetuz.
3. Egunkari sortu berriek kolokan jarri zituzten argitalpen tradizionalak. Trantsizioaren lehen urteetan jaio ziren El País edota El Periódico de Cataluña bezalako egunkariak, diktaduratik zetozen ABC eta La Vanguardia bezalako egunari tradizional handiak krisian jarri zituztelarik.
4. Azkenik, eraldaketa hau legalki Konstituzio Espainiarrean arautzen da, 20. artikuloan* jasotzen den adierazpen askatasunarekin. Maila politikoarekin jarraituz, komunikazioaren merkatuaren desregulazio prozesuak zer ikusia izan zuen eraldaketa bide honetan.

Honek guztiak ondorio zuzenak izan zituen diktadura osteko urteetan sortutako mapa komunikatiboan, bai prentsa idatzian, bai irratian baita telebista munduan ere.


*K. E. 20. artikulua:

► 1. Se reconocen y protegen los derechos:
§ A expresar y difundir libremente los pensamientos, ideas y opiniones mediante la palabra, el escrito o cualquier otro medio de reproducción.
§ (…)
§ A comunicar o recibir libremente información veraz por cualquier medio de difusión. La Ley regulará el derecho a la cláusula de conciencia y al secreto profesional en el ejercicio de estas libertades.

► 2. El ejercicio de estos derechos no puede restringirse mediante ningún tipo de censura previa.

► 3. La Ley regulará la organización y el control parlamentario de los medios de comunicación social dependientes del Estado o de cualquier ente público y garantizará el acceso a dichos medios de los grupos sociales y políticos significativos, respetando el pluralismo de la sociedad y de las diversas lenguas de España.

► 5. Solo podrá acordarse el secuestro de publicaciones, grabaciones y otros medios de información en virtud de resolución judicial.


Prentsa idatzia

Aurrerago aipatutako 1977ko Errege Dekretu Legegileak zentsuraren amaiera ekarri zuen, mapa editorialaren iraultza ekarriz. Dena den, iraultza horren hasiera diktadorearen heriotzan kokatu dezakegu, 1975eko azaroaren eta 1977ko ekainaren artean 1.112 publikazio berri argitaratu baitziren. Testuinguru honetan, talde multimedia ezberdinak sortu ziren (Grupo 16, Zeta, Prisa), prentsa tradizionalaren beherakada ekarriko zutenak. Talde hauetan sortzen dira Diario 16, El Periódico de Cataluña eta El País bezalako egunariak, hurrenez hurren.

El País 1976 urtean sortu zen Manuel Fragatik (AP) Ramón Tamameseraino (PCE) zioan fundatzaile talde heterogeneo baten babespean. Egunkari progresista eta Europazale gisa jaio zen, frankismoaren talde erlijioso eta ideologikoekin loturarik ez zuena; ia bere sorreratik PSOEren ildo ideologikora lotu izan da. Diario 16 ere urte berean izan zen sortua, irakurle progresistei zuzendua. Hasierako arrakasta 80.hamarkada erdialderaino mantendu zuen, Pedro J. Ramirezek El mundo egunkaria argitaratu zuen arte. Egunkari berri honek Diario 16en antzeko eremua betetzen zuen eta gobernu sozialisten kritiko sutsu bihurtu zen, Grupo 16eko egunkaria krisi sakon batera eramanaz.
Mapa editorialaren iraultzak lerro editorial abertzaledun medioen sorrerarekin jarraitu zuen, 76-77ko boom mediatiko horretan Avui, Egin eta Deia bezalako egunariak ere sortu baitziren. Lehena, II. Errepublika garaitik katalunieraz argitaratzen zen lehen egunkaria izan zen, gizarte kataluniarraren hainbat sektoreren finantziaziopean. Hasierako arrakastak behera egin zuen urteak igarotzen ziren heinean. Egin Avuiren finantziazio estrategia berarekin jaio zen 1977an. Correo taldearen egunkarien eta Deia egunkari abertzale moderatu sortu berriaren alternatiba gisa jaio zen eta, sortu zenetik Entzutegi Nazionalak itxi zuen arte, ezker abertzaleari lotua egon da ideologikoki.

Aurreko bi faktore hauek hirugarren baten sorrera suposatu zuten, Mugimenduaren prentsaren desagerpena alegia. Medio ezberdinak ixten joan ziren, 1984an azken 22 egunkariak subastan saldu ziren arte.

Irratia

Irratia izan zen entzule hazkunde gehien izan zuen komunikabidea. 1977an RNE eta RCE (Mugimenduaren irrati ezberdinak batzen zituen erakundea) RTVE ente publikoan elkartu ziren, baina irratiaren eraldaketa nagusia irrati pribatuen hazkundearen eskutik iritsi zen. 1979an UCDren gobernuak 300 lizentzia berri banatu zituen, gehienak jadanik emisorak zituzten kate pribatuentzat (SER, Rato, COPE) eta bi kate berriei: Antena 3 Radio eta Radio 80. 1982an hasi zen emititzen Antena 3 irratia eta, bi urte beranduago, Radio 80 barneratu zuen.

Telebista

Telebista publikoa borroka politikorako tresna bilakatu zen. Adolfo Suarezen gobernuak kate publikoa erabili zuen bere mandatuaren lehenengo urteetan bunker frankistaren eta oposizio demokratikoaren aurrean bere proiektu erreformista legitimatzeko. Erabilera hori 1977 eta 1979ko hauteskundeetan zehar luzatu zen. Telebistak, propaganda tresna izateaz aparte, birsozializazio politikorako baliabide izan ziren. Sozializazio politikorako aparatu tradizionalak ez ziren egoera berrira ohitzen, beraz telebistak bete zuen eginkizun hori. Telebista pribaturik ez egoteak kate publikoak eginkizun hortaz arduratzea suposatu zuen. Esan bezala, oraindik ez zitzaien kate pribatuei lizentziarik eman nahiz eta eztabaida zabaldu, eta ez zitzaien 80.hamarkada amaierara arte eman.

Beraz, UCDren gobernuek irrati eta telebista publiko unifikatuak, 2 irrati emisora pribatu berri eta prentsa pribatuaren zabalera ideologikoa (abertzaletasunera zein progresismora) uzten digute, merkatu informatiboa desregulatu eta kapital pribatuaren (nazional zein nazioartekoaren) esku gelditzen den bitartean.

No hay comentarios: