2008-12-16

KOMUNIKABIDEAK ESPAINIAR SISTEMA POLITIKOAN (IV)

SISTEMA KOMUNIKATIBOA AZNAR ETA ZAPATEROREN URTEETAN (1996 – 2008).

Aurreko urteetan ez bezala, Aznar eta Rodriguez Zapateroren gobernuetan zehar ez da merkatu komunikatiboaren eraldaketa izugarririk eman baina, hala ere, badaude zenbait mugimendu eta agerpen interesgarri. Alde batetik, legealdi ezberdinetan zehar momentuko gobernuaren ildo ideologikoari lotutako medio edo talde berriak sortzen dira. Honen adibide ditugu La Razón egunkaria, Vocento taldea eta Cuatro eta La Sexta telebista kateak.

La Razón 1998an jaio zen gobernu popularraren gerizpean, ABCren zuzendari ohia zen Jose María Ansonen eskutik, egunkari horretatik kaleratu zutenean. Egunkariak ideologia kontserbakorra mantentzen du bere sorreratik. Vocento taldea 2001ean sortu zen, Aznaren bigarren legealdian beraz, El Correo eta Prensa Española taldeak elkartu zirenean (biak ala biak frankismoaren mapa komunikatiboan eroso aurkitzen ziren taldeak). Alderdi Popularrak gobernua lortzearekin batera, El Correo taldeak Telecinco kate pribatuaren akzioen zati bat erosi zuen, baina 2008an (gobernu sozialistaren garaian beraz) bere akzioen kopurua %5era jeistera behartua izan zen. 2004 urtean Punto Radio emisora sortu zuen, irratira salto eginez.

Cuatro kate pribatua 2005ean sortu zen Prisa taldearen eskutik. Canal+ek uzten zuen lekua bete zuen, gobernu sozialistaren baimenarekin betiere. 2006an hasi zen emititzen La Sexta katea. Honen sorrera, Público egunkariarenarekin batera, Zapateroren lehenengo legealdiaren testuinguruarekin lotu behar dugu. Prisa taldea Zapateroren gobernuarekin nahiko kritikoa izaten hasi zen zenbait gaietan (bereziki Kataluniako estatutuak Espainia osoko sozialistengan sortu zuen gaizkiegonaren ondorioz), Jose Bono edo Rodriguez Ibarra sozialistek ordezkatutako sektore kontserbakorretatik gertu. Zapateroren egitasmoak PSOE barneko korronte kritikoen aurrean babesteko sortu ziren azken bi medio hauek (Público eta La Sexta).

Bestalde, Aznaren legealdietan zehar enpresek komunikabideetan izandako akzioen mugimendu ugariak eman ziren, sarritan iskanbila politikoa sortuz. Honela, Antena 3 esaterako esku ezberdinetatik pasa da bere sorreratik. Bere akzioen gehiengoa Telefónicak erosi zion Zeta taldeari 1997an eta, sei urte beranduago, saldu egin zituen Planeta taldearen mesedetan. Honek eztabaida sortu zuen Espainiar sistema politikoan, askoren ustez Telefonicak telebista katea erosteak Aznarek bere lagun Juan Villalongaren bitartez kate pribatu hau kontrolatzea suposatzen zuelako eta, beste alde batetik, Telefonicak telebista digitalaren monopolioa lortzen zuelako Via Digital eta Canal Satelite Digital kontrolatuz. Bi telebista digitalen fusioa lortu ostean, telekomunikazio enpresak Antena 3en zituen akzioak Planeta taldeari saldu zizkion.


Ikus daitekeen bezala, telebista digitala komunikazioaren munduan egon den agerpen garrantzitsuenetakoa da. Alde batetik, Antena 3ek Via Digital proiektua sortu zuen, bestetik Sogecable taldeak Canal Satelite Digital abiarazi zuelarik. 2003an Sogecablek Via Digital barneratu zuen, Digital + telebista digital bakar gisa utziz. 2006 urteaz geroztik, Sogecable (eta ondorioz telebista digital osoa) Prisa taldearen esku dago, baina monopolio egoera hori gobernuak ezarritako zenbait baldintzen bidez mugatzen da.

Mapa komunikatiboa osatzen dute kable bidezko telebista digitalek, Vocento edo Prisa bezalako talde handiek dituzten telebista edo egunkari erregionalek (Localia, El Diario Vasco,…), Estatuko eta autonomi erkidegoetako komunikabide publikoek (EITB, TV3, TVE, Telemadrid…), eta azkenik lerro editorial abertzalea duten komunikabide pribatuek (Berria, Gara, Deia, Avui).

No hay comentarios: