2008-12-12

KOMUNIKABIDEAK ESPAINIAR SISTEMA POLITIKOAN (III)

SISTEMA KOMUNIKATIBOA GONZALEZEN GOBERNU SOZIALISTETAN (1982 – 1996).

Felipe Gonzalezen gidaritzapean igarotako ia hamarkada t’erdi honek trantsizio garaitik jasotako hainbat prozesu egonkortu zituen: komunikabide publikoen desregulazioa, medio pribatuen kontzentrazioa eta bankuek talde komunikatibo handi sortu berri horietan egindako inbertsioa. Demokrazia gero eta egonkorragoa zen heinean, masa komunikazioak gero eta gutxiago betetzen zituen trantsizio garaian zituen funtzio ideologikoak, honek 80. hamarkada erdialdean frankismo garaiko prentsa ofizialista desagertzera kondenatu zuelarik.

Ziuraski 14 urte hauetan sistema informatiboak jasandako nobedade handiena telebista pribatuaren agerpena izan zen. Hazkunde ekonomikoak talde eta banku ugari komunikazioaren munduan interesa jartzera eraman zituen, eta gobernu sozialisten azken legegintzaldian (1993 - 1996) zenbait komunikazio taldek emandako kritika sakonek inoiz baino argiago utzi zuten interes politiko eta ekonomikoen arteko lotura.

Prentsa idatzia

80. Hamarkadak prentsa idatziaren egonkortzea suposatu zuen, 70. hamarkadan gertatutako hazkundearekin bukatuz. Berri nagusi gisa El Mundoren agerpena aipa daiteke. Diario 16eko zuzendari ohiak, alegia, Pedro J. Ramirezek 1989an sortua, bere egunkari ohiaren espazioa betetzeko saiakera arrakastasua egin zuen, kazetaritza agresiboagoa eta populistagoa erabiliz. Bere arrakastak hainbat esparru ideologikoetako PSOEren kritikoak jasotzean zetzan, gobernu sozialistaren hainbat eskandalo politiko salatzearen bidez.

Irratia

Irratiak ere 70.hamarkadan zehar garatutako eredua egonkortu zuen, estatu mailako emisora gutxi batzuek osatua, emisora horien lerro editorialak ideologikoki ezberdintzen zirelarik. Antena 3 irrati katearen sorrera izan zen albiste esanguratsuenetakoa, Godó taldea, Prensa Española, Europa Press eta Zeta inbertsore nagusitzat izanaz. 1984an Radio 80 barneratzean, Espainia mailako laugarren irrati entzunenean bihurtu zen RNE, SER eta COPEren atzetik. Irratiarekin batera, Antena 3 telebista katea izaten saiatu zen, baina gobernu sozialistak ez zuen telebista pribaturako lizentziarik banatu 80. hamarkada amaierara arte, telebista sektore atzerakoien esku geratzeko beldurra zuelako.

Irratiaren panorama osoa hain esku gutxitan geratzearen arrazoietako bat PRISA taldeak komunikabide honetan sartzeko egindako saiakera ustela izan zen, Radio El País-en eskutik. Honen ondorioz, PRISAk SER kate arrakastatsua erosi zuen 1985an, estatuko kate nagusia bereganatuz. Operazio hau gobernu sozialistak baimentzeak esames eta kritika ugari zabaldu zituen, bereziki Antena 3en eskutik, azken kate hau Alianza Popular-en ildo ideologikora lotu zelarik.

Antena 3 irratiaren ibilera 1992an bukatu zen, PRISAk berak akzioen gehiengoa erosi zuenean. Harrezkeroztik, Onda Cero irrati kateak betetzen du Antena 3ek utzitako esparru hori. Maila estataletik kanpo, autonomia erkidegoek irrati autonomiko publikoak sortu zituzten konpetentzia estatutarioak jaso bezain laster. Horrela jaio ziren Catalunya Radio, RTV Galicia edo Euskadi Irratia esaterako.

Telebista

Irratia eta prentsa idatziaren gainetik, esan daiteke telebistak ekarri zuela mapa informatiboaren aldaketa garrantzitsuena, 80. hamarkada hasieran telebista publikoen sorrerarekin eta hamarkada berdinaren amaieran telebista kate pribatuei emandako lehenengo lizentziekin.

Autonomia erkidegoak estatutu ezberdinen bidez egonkortzen ziren heinean, erkidego bakoitzak bere sistema komunikatiboa osatzen hasi zen. Logika politiko honi jarraituz jarri ziren martxan Euskal Telebista (ETB) eta TV3 kate kataluniarra lehenik, eredu hau beste erkidegoetara zabaltzen zen bitartean. Esan bezala, konpetentzia estatutario gisa jasotzen da sistema komunikatibo propioa edukitzeko aukera, Euskal Autonomi Estatutuaren 19. artikuluan ikus daitekeen bezala:


► 1. Euskal Herriari dagokio giza komunikabideei dagozkienetan Estatuko
oinarrizko arauen legeria aurrera eramatea, Konstituzioaren 20. artikuluan agintzen dena beti ere errespetatuko delarik.

► 2. Titulartasun estatala duten komunikabideei aplikatu behar zaien arautegi bereziari dagokionez, goiko parrafoan aipatu diren gaien bururapena Estatuarenakin koordinatuko da.

► 3. Artikulu honetako lehen parrafoan esaten den bezala, Euskal Herriak
erregula, sor eta atxiki ditzake bere telebista, irrati eta prentsa propioa, eta, oro har, bere helburuak lortzeko behar dituen giza komunikabide guztiak.


Telebista pribatuen agerpena talde ekonomiko ezberdinen presioa zela eta eman zen. 1988 urtera arte itxaron behar izan zuten kate pribatu hauek lizentziak eskuratu ahal izateko, urte honetan kaleratutako Telebista Pribatuen Legeak babes ekonomiko gogorra eukitzera behartzen baitzituen kateak. Hiru lizentzia banatu zituen gobernuak: lehena Antena 3entzat izan zen, ideologikoki eskuineko oposizioari lotutako katearentzat. Gobernuak ez zion lizentzia gogo onez eman, baino esparru ideologiko anitza sortzearren eta lizentzia eskatzen lehena izateagatik, gobernua behartua zegoen kate kontserbakorrari baimena ematera. Bigarren lizentzia Tele 5 kateari eman zion Gonzalezen gobernuak. Katea gobernu sozialistaren baitan sortu zen, ONCE, Anaya talde editoriala eta Silvio Berlusconi italiarra proiektu berean elkartuz. Hirugarren lizentzia izan zen eztabaida gehien sortu zuena; izan ere, hasiera batean Zeta taldearekin adostua zegoena, azken momentuan PRISA taldeari eman zitzaion Canal Plus martxan jarri zezan, beste behin gobernu sozialistaren eta talde honen arteko lotura begibistan utziz.

Telebistaren panoramaren eraldaketa honek influentzia zuzena izan zuen politikan, hauteskunde kanpainen aldaketa ekarri zuelako. 1993ko hauteskundeak izan ziren telebista pribatuen sorreratik lehenak, eta hauteskunde hauexetan egin ziren lehen aldiz telebista bidezko hautagaien arteko eztabaidak
.

No hay comentarios: