2008-12-19

KOMUNIKABIDEAK ESPAINIAR SISTEMA POLITIKOAN (V)

EUSKAL SISTEMA KOMUNIKATIBOA.

Euskal sistema komunikatiboaren abiapuntua 1937 urtean sortutako Eguna argitalpenean jar liteke, Eusko Jaurlaritzak Espainiako guda zibil garaian kaleratua. Euskarazko prentsa idatziaren aurrekaria izan zen.

Frankismoaren urteetan, euskarazko argitalpenak orokorrean debekatuak zeuden testuinguruan, erlijioaren inguruko aldizkariak bihurtu ziren euskarazko argitalpenen irtenbide bakarra. Diktadura garaian aurki ditzakegu beraz Zeruko Argia, Anaitasuna, Zehatz, Goiz argi edo Joan Mari Torrealdairen eskutik sortutako Jakin.

Diktaduraren amaierarekin, euskarazko eta euskal abertzaletasunaren inguruko lehen komunikabideak sortzen hasten dira. Prentsa idatzian, 1976 eta 1977 urteek Deia egunkari abertzale moderatuaren eta Egin egunkari ezker abertzalearen sorrera dakarte, Espainiako telebista publikoak euskara lehen aldiz entzuten den heinean (Telenorte albistegiaren bitartez).

Euskal irratiak prentsa idatziaren antzeko ibilbidea izan zuen, hau da, erlijioari lotutako irratsaioak ziren euskarari lekua egin ziezaioketen bakarrak. Segura Irratia, Arrate Irratia edota Radio Popular – Herri Irratia elizari lotutako irrati kateak ziren denak, diktadura garaian jaioak. Panorama hau Euskadi Irratia kate publikoak eta Egin Irratiak osatu zuten, azken hau Egin egunkariarekin batera itxia.

80. Hamarkadak euskarazko argitalpen gehienen desagerpena suposatu zuen. Gaztelerazko egunkarien arrakastak eta hamarkada hasierako telebistaren jaiotzak egoera larrian utzi zuen euskarazko prentsa idatzia. Egoera honetan, Argiak soilik biziraun zuen. Eusko Jaurlaritzak, 1983an konpetentzia estatutarioen bidez telebista publikoa sortzean inbertsio gogorra egin ostean, ez zituen Deiak, Eginek, El Diario Vascok eta La Voz de Euskadik euskal prentsa idatzia sortzearen alde eginiko proposamen eta eskaera ekonomikoak entzun. Hala ere, euskarazko prentsa idatzirako bi proiektu nagusi sortu ziren, nahiz eta merkatuaren arabera proiektu bakarrerako lekua izan; bata publikoa eta bestea pribatua. Azkenean, 1990an Joan Mari Torrealdai, Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe eta Carlos Santamariak (besteak beste) osatutako Egunkaria Sortzen egitasmoak aurre hartu zion proiektu publikoari. 2003 urtera arte iraun zuen, Entzutegi Nazionalak itxi zuen arte, Berriak bere lekua hartu zuenean. Prentsa idatziaren panorama osatzeko, iparraldeko hiru probintzietan Gara argitaratzen duen Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteak Le Journal du Pays Basque kaleratzen du. Hegoalden, Deiak egunkari probintzialak ditu Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de Alavaren eskutik, Berriak eskualde ezberdinetan Hitza banatzen duelarik.

Gaur egungo proiektu garrantzitsuena lehenengo telebista pribatuaren sorrera da, Hamaika telebista. Proiektu honetan EKHEk (Gara, Journal), EKTk (Berria), Bainetek eta CMNTVk (Deia) hartzen dute parte.

No hay comentarios: